Ezekiel 44 EABD

Tenpluan sartzeko eskubidea

1 Santutegiaren ekialdera zegoen kanpoko sarrerara eraman ninduen gizonak; itxirik zegoen.

2 Esan zidan Jaunak: «Ate honek itxirik jarraitu behar du; ez da irekiko; ez da hortik inor sartuko, ni, Jauna, Israelen Jainkoa, sartu bainaiz hortik. Itxirik jarraituko du, beraz.

3 Baina karguan dagoen printzea sar daiteke hortik otordu sakratua nire aurrean egitera. Atalondotik sartuko da eta bide beretik irtengo».

4 Gero, iparraldeko atetik tenpluaren aurrera eraman ninduen gizonak. Jaunaren aintzak tenplua betetzen zuela ikusi nuen, eta ahuspez erori nintzen.

5 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, jarri arreta, begira erne eta entzun adi tenpluari buruz emango dizkizudan lege eta arau guztiak; hartu gogoan, batez ere, tenpluan sartzeko eskubideari buruzkoak.

6 «Adierazi israeldarrei, herri errebelde horri, nire, Jainko Jaun honen, mezua: Israeldarrok, aski da! Gehiegizkoak dira zuen egintza higuingarriak.

7 Nire tenplua profanatzen ari zarete, oparietan neuri dagokidana —gantzak eta odola— eskaintzean, atzerritarrak, jende erdaingabe eta sinesgogor hori, bertara sarraraziz; horrela, nire ituna hautsi duzue zeuen jokabide higuingarriarekin.

8 Nire santutegiko liturgi zerbitzua bera ere atzerritarren esku utzi duzue.

9 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Berriro ez da atzerritarrik, jende erdaingabe eta sinesgogorrik, nire santutegira sartuko, nahiz eta israeldarren artean bizi.

10 «Lebitarrei dagokienez, berriz, beren erruaren ondorioak jasan beharko dituzte; horiek ere baztertu egin baininduten, Israel herria niregandik aldendu zenean berorren idoloen atzetik joateko.

11 Horiek tenpluko ateak zaintzeaz arduratuko dira, eta beste zenbait zerbitzu beteko; beroriek hilko dituzte erre-oparietako abereak eta herriaren beste sakrifizioetakoak; herriaren zerbitzura egongo dira.

12 Izan ere, herriaren zerbitzura egon dira idoloak gurtzean, israeldarrei bekatu eraginez; horregatik, berorien kontra ekingo diot, beren erruaren ondorioak jasan beharko dituzte. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

13 Ez dira niregana hurbilduko apaiz-zerbitzuan jarduteko, ezta nire gauza sakratuetara ere hurbilduko, eta are gutxiago guztiz sakratu direnetara. Izan duten jokabide higuingarriaren ondorio lotsagarriak jasan beharko dituzte.

14 Tenpluaren funtzionamendurako beharrezko diren zeregin arrunten ardura izango dute.

Apaizentzako arauak

15 «Apaiz lebitarrek, Tzadoken ondorengoek, ordea, zintzo bete zuten nire santutegiko zerbitzua, israeldarrak niregandik aldendu zirenean. Beraz, horiek hurbilduko zaizkit zerbitzatzera eta oparietako gantzak eta odola aurkeztera. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

16 Horiek sartuko dira nire santutegira, eta nire mahaira hurbilduko. Horiek beteko dute nire zerbitzua.

17 Barneko atariko ateetatik sartzean, lihozko jantziak eramango dituzte soinean; ez dute artilezko jantzirik eramango zerbitzugintzan barneko atarian eta tenpluan ari direnean.

18 Lihozko buruzapia jantziko dute, eta lihozko galtzak, baina gerrikorik gabe, izerdi ez daitezen.

19 Kanpoko atarira herriarengana irtetean, zerbitzugintzan erabilitako jantziak kendu eta santutegiko geletan utziko dituzte. Beste jantzi batzuk jarriko dituzte, bestela beren jantzi sakratuez herria sagaratuko bailukete.

20 Ez dute burua zeharo soilduko, ezta ilea gehiegi luzatzen utziko ere; txukun moztuko dute.

21 Ez dute ardorik edango barneko atarira sartu behar dutenean.

22 Ezin izango dira alargunekin nahiz senarrak zapuztutakoekin ezkondu, baizik eta israeldar neskatxa birjinekin bakarrik edota beste apaizen baten alargunarekin.

23 Zer den sakratu eta zer profano, zer garbi eta zer kutsatu, bereizten irakatsiko diote nire herriari.

24 Epaile izango dira auzietan, eta nire legeen arabera egingo dute epaiketa. Nik emandako lege eta arauen arabera ospatuko dituzte jaiegunak, eta sagaratuko larunbatak.

25 Ez dute gorpurik ukituko, kutsa ez daitezen, aita edo amarena, seme edo alabarena, anaia edo ezkongabeko arrebarena izan ezik.

26 Kasu hauetan garbikuntza egin beharko dute eta zazpi egun itxaron.

27 Gero, santutegiko zerbitzugintzarako barneko atarira sartzean, bekatuen barkamenerako oparia eskainiko didate. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

28 Ez dute inolako ondarerik izango: ni neu izango naute ondare. Ez zaie Israelen jabetzarik emango: ni neu izango naute jabetza.

29 Labore-opariak eta barkamen- nahiz ordain-oparitzat eskainitako abereak izango dituzte mantenu-bide. Israeldarrek erabat eta betiko niri sagaraturiko guztia berorientzat izango da.

30 Lurreko lehen emaitza eta fruituen eta niretzat bereizitako opari guztien zatirik onena apaizentzat izango da. Labealdi bakoitzeko ogirik onenak emango dizkiete israeldarrek, berauen etxeak bedeinka ditzadan.

31 Baina apaizek ezin izango dute jan berez hildako nahiz sarraskituriko hegazti edo abererik».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48