Ezekiel 21 EABD

Ezpata Jerusalemen aurka

1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2 «Gizaseme, itzuli hegoaldera eta mintza harantz begira; hitz egin nire izenean hegoaldeko basoaren kontra.

3 Esaiozu entzuteko nik, Jainko Jaunak, adierazten diodan mezua: Horra, sua piztuko dut zure erdian, eta zuhaitz guztiak, heze nahiz ihartuak, irentsiko ditu; sugarra ez da itzaliko, eta den-dena hartuko du suak, hegoaldetik iparralderaino.

4 Bizidun orok ikusiko du nik, Jaunak, piztu dudala eta ez dela itzaliko».

5 Nik esan nion: «Ai Jainko Jauna! Zera ari dira nitaz esaten: “Ez al da hori beti parabolak kontatzen ari dena?”»

6 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

7 «Gizaseme, itzuli Jerusalemerantz eta mintzatu toki santuei begira; hitz egin nire izenean Israel lurraldearen kontra.

8 Adierazi Israel lurraldeari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zure aurka nator; ezpata zorrotik atera eta guztiak, zintzo nahiz gaizto, garbituko ditut.

9 Zintzoak nahiz gaiztoak garbitu behar ditudalako, bizidun ororen aurka aterako da ezpata zorrotik, hegoaldetik iparralderaino.

10 Eta bizidun orok jakingo du nik, Jaunak, atera dudala ezpata zorrotik eta ez dela bertara itzuliko.

11 «Eta zuk, gizaseme, egin negar eta intziri beraien aurrean, bihotza hautsia eta samindua bazenu bezala.

12 “Zergatik ari zara negar-zotinka?” galdetzen dizutenean, erantzun: Laster iritsiko den albiste batengatik. Orduan, bihotz orok huts egingo du, beso guztiak erori, barne-indarrek porrot egingo eta belaunek dar-dar. Eta begira, badator, berehala gauzatuko da. Nik, Jainko Jaunak, esana».

13 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

14 «Gizaseme, hitz egin nire izenean nire, Jainko Jaun honen, mezua adieraziz:«Ezpata! Ezpata zorrotzaeta ongi leundua!

15 Sarraskia egiteko zorroztua,distira botatzeko leundua.

16 Leuntzera bidali zuteneskuan hartu baino lehen;zorroztu egin dute ezpataeta leundu,borreroaren eskuan ipintzeko.

17 Egin garrasi eta ulu, gizaseme,nire herria zigortzeko baita ezpata,Israelgo printze guztiak zigortzeko,printzeak herriarekin batera.Beraz, jo bularra saminez,

18 probaldia baita.Honela diot nik, Jainko Jaunak.

19 Zuk, gizaseme, hitz egin nire izeneaneta egin txalo.Ezpatak behin, bitan,hirutan joko du;harrapaturik dauzkahilketarako ezpatak,triskantza handirako ezpatak.

20 Bihotzei dar-dar eragitekoeta hildako ugari egon dadin,ate guztietara zuzendu dutezpata sarraskitzailea,distira botatzeko egina,sarraskirako leundua.

21 Ezpata zorrotz hori,jo ezker-eskuin,jarri zeure ahoa edonon.

22 Nik ere egingo dut txaloeta neure suminaazkeneraino hustuko.Nik, Jaunak, hitz egin dut».

Babiloniako erregearen ezpata

23 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

24 «Zuk, gizaseme, marraztu bi bide, Babiloniako erregearen ezpata etor dadin. Herrialde bakar batetik irtengo dira bi bideak. Bide bakoitzaren hasieran jarri seinale bat, ezpatak zein hiritara joan behar duen adieraziz:

25 bata, amondarren Raba hirira; bestea, Judako Jerusalem hiri gotortura.

26 Babiloniako erregea gelditu egin da bidegurutzean, bi bideen hasieran, etorkizunari buruz galdegiteko: geziak astindu ditu, idoloei kontsulta egin eta abere-erraiak aztertu.

27 Eskuinean dauka Jerusalemera seinalatzen duen gezia. Beraz, eman sarraskirako agindua, bota guda-irrintzia, jarri eraso-tresnak ateen kontra, eraiki lubetak eta eraso-dorreak.

28 Jerusalemdarrei gezurrezkoa iruditu zitzaien iragarpen hau, hitzarmena egina baitzuten babiloniarrekin; baina Babiloniako erregeak beren errua aurpegiratuko die, eta preso hartuko.

29 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeuek salatu duzue zeuen errua eta agerian jarri zeuen hobenak; zeuek nabarmendu dituzue zeuen bekatu eta egintza txarrak; zeuen buruak salatu dituzue; horregatik, preso hartuko zaituztete bortxaz.

30 Zuri dagokizunez, Israelgo printze, gaizkile zital hori, heldu da zure ordua, azken zigorraren eguna.

31 Hau diot nik, Jainko Jaunak: Ken diezaiotela durbantea, kendu koroa; ezer ez da lehen bezala izango: behekoa goratua eta goikoa beheratua izango da.

32 Hondamendia! Hondamendia! Sekula gertatu ez den bezalako hondamendi bihurtuko dut dena; baina hau ez da gertatuko nik zigor-epaia betetzeko baimendu dudana heldu arte.

Ezpata amondarren aurka

33 «Zuk, gizaseme, hitz egin nire izenean eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua, Israeli iseka egiten dioten amondarren kontra: Ezpata! Ezpata! Zorrotik kanpo zaude sarraskirako, leundua distira botatzeko.

34 Ikuskari faltsuak eta gezurrezko iragarpenak dituzte zuri buruz. Erabil zaitzatela gaizkile maltzurren lepoak ebakitzeko, iritsi baita horien ordua, azken zigorraren eguna.

35 «Ezpata, itzuli zorrora! Egina izan zinen lekuan epaituko zaitut, zeure sorterrian.

36 Neure amorrua isuriko dut zure gain; neure haserrearen sua bidaliko dut zure aurka, eta suntsitzaile amorratua den jende basatiaren esku utziko zaitut.

37 Suak irentsiko zaitu, zure odola zure herrialdean zabalduko da eta ez da zutaz inor oroituko. Nik, Jaunak, hitz egin dut».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48