1 Gure erbestealdiko hogeita bosgarren urtean, urtearen hasieran, hilaren hamarrean, Jerusalem erori zela hamalau urte bete ziren egun berean, Jaunaren indarra jabetu zen nitaz.
2 Jainkozko ikuskaritan Israel lurraldera eraman eta mendi garai baten gainean utzi ninduen, eta haren gailurrean, hegoaldera, eraikin-multzo bat zegoen, hiri baten antzekoa.
3 Hara eraman ninduen, eta gizon bat ikusi nuen, brontzezkoa zirudiena. Lihozko kordela eta neurtzeko makila zeuzkan eskuan; zutik zegoen ate ondoan.
4 Esan zidan gizonak: «Gizaseme, begira erne, entzun adi eta jarri arreta erakutsiko dizudan guztiari, erakuts diezazudan ekarri baitzaituzte hona. Gero, kontatu israeldarrei ikusiko duzun guztia».
5 Tenplua ikusarazi zidan: bira osoan harresiz inguratua zegoen. Gizonak eskuan zeukan makila hiru metrokoa zen; harresia neurtu, eta hiru metroko lodiera eta hiru metroko altuera zuen.
6 Ekialdera dagoen sarrerara joan, harmailak igo eta atalasea neurtu zuen: hiru metro zen zabal.
7 Alde bietan, zaingelak zeuden: hiru metro ziren luze eta hiru metro zabal, eta gelatik gelara, bi metro eta erdiko tartea zegoen. Atalasea barnealdetik, atalondo aldera, hiru metro zen zabal.
8 Gero, atalondoa neurtu zuen gizonak:
9 lau metroko sakonera zuen, eta kanpoko hormek metro bateko lodiera. Sarrerako azken lokala zen, tenplurantz.
10 Ekialdeko sarrerak sei zaingela zituen, hiruna alde bakoitzean, denak neurri berekoak, eta tarteko hormak ere denak neurri berekoak.
11 Atearen zabalera neurtu zuen: bost metrokoa zen, eta erdiko pasabidearen zabalera sei metro eta erdikoa.
12 Zaingelen aurrean, pasabidearen alde bietan, horma bat zegoen, metro erdikoa; zaingelak hiru metrokoak ziren luze-zabalean.
13 Zaingela haietako baten barreneko hormatik, aurrez aurre pasabidearen beste aldean zegoen gelaren barreneko hormaraino neurtu zuen: hamabi metro eta erdiko tartea zegoen.
14 Gero, atalondoa neurtu zuen: hamar metrokoa zen. Atalondoak atarira jotzen zuen.
15 Sarreraren kanpoaldetik atalondoaren barnealderaino, guztira, hogeita bost metro zeuden.
16 Zaingeletako kanpo- eta tarte-hormek saredun leihoak zituzten inguru guztian, atalondoko hormek bezalaxe. Geletako barne-hormetan palmondoak zeuden zizelkatuak.
17 Gero, kanpoko atarira eraman ninduen gizonak. Atariak hogeita hamar gela zituen, eta harrizko espaloia inguru guztian.
18 Sarreren alboetan zegoen espaloia, eta honen zabalera haien luzera bestekoa zen; barneko patioa baino beherago zegoen mailaz.
19 Gizonak ataria neurtu zuen, eta kanpoko atariko lehen ataurretik barneko atariko ataurreraino berrogeita hamar metro zeuden.
20 Kanpoko atarian iparraldera zegoen sarreraren luzera eta zabalera ere neurtu zituen.
21 Alde bietan zeuden hiru zaingelak, tarteko hormak eta atalondoa ekialdeko sarrerakoen neurri berekoak ziren: hogeita bost metro luze eta hamabi eta erdi zabal.
22 Atalondoa, leihoak eta palmondoak ekialdeko sarrerakoen neurri berekoak ziren. Zazpi harmaila igo behar ziren, eta atalondoa azkenean zegoen.
23 Iparraldeko sarreraren aurrez aurre, barneko atarirako sarrera zegoen, ekialdetik bezalaxe; sarrera batetik besterako tartea neurtu zuen gizonak: berrogeita hamar metro.
24 Gero, hegoaldera eraman ninduen, non beste sarrera bat baitzegoen; hormen eta atalondoaren neurriak beste sarreretakoak bezalakoak ziren.
25 Sarrerak, atalondoa barne, leihoak zituen inguru guztian, besteenak bezalakoak. Hogeita bost metro zen luze, eta hamabi eta erdi zabal.
26 Zazpi harmaila igo behar ziren, eta atalondoa azkenean zegoen; hormetan palmondoak zeuden zizelkaturik, bana alde bakoitzean.
27 Barneko atariak ere bazuen sarrera bat hegoaldera. Bi sarreren arteko distantzia neurtu zuen gizonak: berrogeita hamar metro.
28 Gero, barneko atarira eraman ninduen hegoaldeko sarreratik. Sarrera hura neurtu, eta besteen neurri berekoa zen.
29 Zaingelek, hormek eta atalondoak besteen neurri berberak zituzten. Sarrerak, atalondoa barne, leihoak zituen inguru guztian, eta hogeita bost metro zen luze eta hamabi eta erdi zabal. (
30 )
31 Atalondoak kanpoko atarirantz jotzen zuen; hormek palmondoak zituzten alde banatan zizelkatuta. Zortzi harmaila igo behar ziren sarrerara iristeko.
32 Ondoren, barneko atarira eraman ninduen ekialdeko atetik. Sarrera neurtu, eta besteen neurrikoa zen.
33 Zaingelek, hormek eta atalondoak besteen neurri berberak zituzten. Sarrerak, atalondoa barne, leihoak zituen inguru guztian, eta hogeita bost metro zen luze eta hamabi eta erdi zabal.
34 Atalondoak kanpoko atarirantz jotzen zuen; hormek palmondoak zituzten alde banatan zizelkatuta. Zortzi harmaila igo behar ziren sarrerara iristeko.
35 Gero, iparraldeko sarrerara eraman ninduen; sarrera neurtu, eta besteen neurrikoa zen.
36 Bazituen zaingelak, hormak, atalondoa eta, inguruan, leihoak. Sarrera hogeita bost metro zen luze eta hamabi eta erdi zabal.
37 Atalondoak kanpoko atarirantz jotzen zuen; hormek palmondoak zituzten alde banatan zizelkatuta. Zortzi harmaila igo behar ziren sarrerara iristeko.
38 Gela bat zegoen sarrerako atalondora jotzen zuena: han garbitzen ziren erre-oparitarako abereak.
39 Sarrerako atalondoan bina mahai zeuden alde bietan, eta haietan hiltzen ziren erre-oparitarako nahiz barkamen- eta ordain-oparitarako abereak.
40 Iparraldeko atearen sarreran, atalondotik kanpo, baziren beste lau mahai ere, bina alde bietan.
41 Beraz, lau mahai zeuden sarreraren barnealdean, eta lau kanpoaldean: zortzi guztira, abereak hiltzeko erabiltzen zirenak.
42-43 Erre-oparitarako abereak hiltzeko lau mahaiak harlanduzkoak ziren: hirurogeita hamabost zentimetro ziren luze-zabal eta berrogeita hamar gora; mahai gainean oparigaiak ipintzen ziren. Gelaren bira guztian sei zentimetroko apaltxo bat zegoen, eta bertan ipintzen zen oparitarako abereak hiltzeko tresneria.
44 Gizonak barneko atarira eraman ninduen, non bi gela baitzeuden: bata iparraldeko sarreraren ondoan, hegoaldera jotzen zuena, eta bestea hegoaldeko sarreraren ondoan, iparraldera jotzen zuena.
45 Eta esan zidan gizonak: «Hegoaldera begira dagoen gela hau tenpluko zerbitzuaz arduratzen diren apaizentzat da,
46 eta iparraldera begira dagoena aldareko zerbitzuaz arduratzen direnentzat; hauek Tzadoken ondorengoak dira, lebitarren artetik Jaunaren zerbitzurako aukeratuak».
47 Gizonak barneko ataria neurtu zuen: karratua zen, berrogeita hamar metro luze-zabal. Aldarea tenplu aurrean zegoen.
48 Tenpluko atalondora eraman ninduen gizonak eta neurtu egin zuen: sarrerako hormek, atearen bi aldeetakoek, bi metro eta erdiko lodiera zuten, ateak zazpi metroko zabalera eta atearen muntagek metro eta erdiko zabalera bakoitzak.
49 Atalondoaren luzera hamar metrokoa zen, eta zabalera seikoa; hamar harmaila igo behar ziren hara iristeko. Atearen bi aldeetara zutabe bana zegoen.