Ezekiel 42 EABD

Tenplu ondoko eraikinak

1 Gizonak kanpoko atarirantz eraman ninduen, iparralderantz, eta hutsartearen eta tenplu atzeko eraikinaren aurrean dauden geletara sarrarazi ninduen.

2 Eraikin-multzo hark, iparraldetik, berrogeita hamar metroko luzera zuen, eta hogeita bosteko zabalera.

3 Alde batetik, hamar metroko zabaleraz tenplua inguratzen zuen hutsartera jotzen zuen, eta, beste aldetik, kanpoko atariko harrizko espaloira. Hiru galeria zituen bata bestearen gain.

4 Gela aurrean, barneko atariaren aldetik, pasabide bat zegoen, bost metro zabal eta berrogeita hamar metro luze; iparraldetik zuen sarrera.

5 Goreneko gelak beste bi solairuetakoak baino estuagoak ziren, galeriek tokia kentzen zieten eta.

6 Gelak hiru oinetan zeuden, baina ez zuten zutaberik atarikoek bezala, baizik eta gero eta estuagoak ziren gorantz.

7 Gelen aurrean, kanpoko atariaren aldera, horma zegoen, hogeita bost metro luze zena.

8 Izan ere, kanpoko atari aldera jotzen zuten gela haien luzera ere hogeita bost metrokoa zen; tenplura jotzen zuten gelena, berriz, berrogeita hamarrekoa.

9 Gela haien azpian, eraikinaren ekialdetik, sarrera bat zegoen kanpoko ataritik zetozenentzat.

10 Sarrera hura atariko horma hasten zen tokian zegoen.Hegoaldetik ere, hutsartearen eta tenplu atzeko eraikinaren aurrez aurre, beste gela-multzo bat zegoen.

11 Pasabidea zuten aurrean, eta neurri, antolamendu eta sarrera-irteerei zegokienez iparraldekoak bezalakoxeak ziren.

12 Hegoaldeko gelen azpian, pasabidearen muturrean, sarrera bat zegoen, babes-hormaren aurrez aurre; ekialdetik sartzen zen.

13 Esan zidan gizonak: «Hutsartera jotzen duten ipar eta hegoaldeko gelak sakratuak dira. Jaunari sakrifizioak eskainiko dizkioten apaizek hor jango dituzte opari guztiz sakratuak, eta hor ipiniko dituzte beste opari sakratuak ere, labore-opariak nahiz barkamen- eta ordain-opariak, toki sakratua baita.

14 Santutegira sartuko diren apaizak ezin izango dira kanpoko atarira irten, Jaunaren zerbitzuan erabilitako jantziak aurrez gela horietan utzi gabe, sakratuak baitira jantzi horiek. Arropaz aldatuko dira herriari dagokion esparrura ateratzeko».

Kanpoko hormaren neurriak

15 Gizonak, tenplu barneko eraikinen neurketak amaitu zituenean, ekialdeko atetik irtenarazi ninduen, eta tenpluaren inguruak neurtzeari ekin zion.

16 Ekialdeko alderdia neurtu zuen makilaz, eta ekialdeak berrehun eta berrogeita hamar metroko luzera zuen.

17-19 Gauza bera egin zuen iparralde, hegoalde eta mendebaldeko alderdiekin, eta denek luzera bera zuten: berrehun eta berrogeita hamar metro.

20 Horrela neurtu zituen lau alderdiak. Dena hormaz inguratua zegoen: berrehun eta berrogeita hamar metroko karratua zen, eta Jainkoari sagaraturiko esparrua eta esparru profanoa bereizten zituen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48