1 Jaunaren indarra nitaz jabetu zen; beraren espirituak hartu eta hezurrez betea zegoen haran baten erdian utzi ninduen.
2 Batera eta bestera ibilarazi ninduen haran guztian zehar: hezur-pila izugarria zegoen, guztiz ihartuak.
3 Esan zidan Jaunak:—Gizaseme, bizi ote daitezke hezur hauek berriro?Erantzun nion:—Jainko Jauna, zeuk jakingo duzu!
4 Esan zidan:—Hitz egin nire izenean hezur horiei eta esaiezu entzuteko Jaunaren hitza.
5 Hau diotset nik, Jainko Jaunak, hezur ihartu horiei: Bizi-arnasa jarriko dut zuengan, bizi zaitezten.
6 Zainez inguratuko zaituztet, haragia eratuko dut zuen gainean, larruazalez jantzi eta bizi-arnasa emango dizuet, bizi zaitezten; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
7 Hitz egin nuen Jaunaren izenean berak agindu bezala, eta hitz egin bitartean hots bat izan zen: lurrak dardara egin zuen eta hezurrak bata bestearekin elkartzen hasi.
8 Gainean zainak eta haragia zituztela ikusi nuen, eta larruazalez estaltzen ari zirela; baina ez zuten bizi-arnasarik.
9 Esan zidan Jaunak: «Hitz egin nire izenean bizi-arnasari; hitz egin, gizaseme, eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Bizi-arnasa, zatoz lurraren lau aldeetatik eta haize eman gorpu hauei, bizi daitezen».
10 Agindu bezala hitz egin nuen. Bizi-arnasa sartu zen hezurretan, bizira itzuli ziren eta zutik jarri: ikaragarrizko gudaroste baten antza zuten.
11 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hezur horiek Israel herri osoa dira. Hau diote: “Gure hezurrak iharturik daude, galdua dugu itxaropena. Egin du gureak!”
12 Horregatik, hitz egin nire izenean eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Nik irekiko ditut zuen hilobiak, nik irtenaraziko zaituztet hilobitik, oi ene herri, eta Israelgo lurraldera eramango.
13 Zuen hilobiak ireki eta berorietatik irtenaraziko zaituztedanean, oi ene herri, orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
14 Neure espiritua ezarriko dut zuengan, bizi zaitezten. Zeuen lurraldera eramango zaituztet. Orduan jakingo duzue nik, Jaunak, esandakoa bete egiten dudala. Nik, Jainko Jaunak, esana».
15 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
16 «Gizaseme, hartu makila bat eta idatzi gainean “Juda eta berarekin elkarturiko israeldarrak”. Gero, hartu beste makila bat eta idatzi gainean “Jose eta berarekin elkarturiko gainerako israeldarrak” —makila hau Efraimi dagokio—.
17 Elkar itzazu bi makilok, bat egin dezaten zure eskuan.
18 Eta zure herritarrek zertan ari zaren azaltzeko eskatutakoan,
19 adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Joseren makila eta beronekin elkarturiko Israelgo leinuena —Efraimi dagokiona— hartuko dut eta Judaren makilaren kontra ipiniko, eta biak bat izango dira nire eskuan.
20 Bitartean, eduki zuk eskuan, haien begi-bistan, makila idatziak.
21 Gero, adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Egon direneko nazioen artetik batuko ditut israeldarrak; alde guztietatik bildu eta beren lurraldera eramango ditut.
22 Nazio bakar bihurtuko ditut lurralde honetan, Israelgo mendietan; errege bakarra izango dute guztiek; ez dituzte berriro bi naziotan bereiziko, ezta bi erresumatan banatuko ere.
23 Ez dira gehiago beren idolatria higuingarri eta gaiztakeriez kutsatuko. Errudun bihurtu dituen desleialkeria orotatik askatuko ditut. Garbitu egingo ditut, eta nire herri izango dira eta ni beraien Jainko.
24 David nire zerbitzaria izango dute errege, guztien artzain bakar; nire erabakien arabera jokatuko dute eta nire legeak arretaz beteko.
25 Jakob nire zerbitzariari eman nion lurraldean biziko dira, non bizi izan baitziren haien gurasoak ere. Han biziko dira beraiek eta beraien ondorengoak betiko, eta David nire zerbitzaria izango dute buruzagi betiko.
26 Bakea ekarriko dien ituna egingo dut beraiekin, betiko balioko duena. Herrialdean ezarri eta ugaldu egingo ditut. Neure santutegia beraien artean jarriko dut betiko.
27 Beraiekin biziko naiz: beraien Jainko izango naiz eta haiek nire herri.
28 Neure santutegia beraien artean betiko jarriko dudanean, orduan jakingo dute nazioek ni naizela Jauna, Israel beretzat sagaratu duena».