Ezekiel 18 EABD

Norberaren erantzukizuna

1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2 «Zer dela-eta errepikatzen duzue esaera hau Israel herrian: “Gurasoek mahats gordina jan, eta semeek hozkia”?

3 Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ez duzuela berriro esango esaera hau Israelen!

4 Hara! Bizi guztiak dira nireak, aitaren bizia nahiz semearena. Bekatu egiten duena, hori hilko da.

5 «Har dezagun, adibidez, gizon zintzo bat, zuzenbidez eta justiziaz jokatzen duena;

6 ez du sasikultu-lekuetako otorduetan parte hartzen, ezta uste ona jartzen ere Israelgo idoloetan; ez du lagun hurkoaren emaztea desohoratzen, ez da hurbiltzen ere hilerokoa duen emakumeagana;

7 ez du inor zapaltzen eta bahituran hartua itzuli egiten du; ez du lapurretarik egiten, baizik eta jatekoa ematen dio gosetuari, eta jantzia biluzik dagoenari;

8 ez du mailegurik lukurreriaz edo interesak kobratzeko egiten; ez du esku hartzen bidegabekerian eta alderdikeriarik gabe epaitzen du auzietan;

9 nire legeen arabera ibiltzen da eta nire erabakiak betetzen, leial jokatuz. Honelakoa gizon zintzoa da; beraz, bizi egingo da. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

10 «Eman dezagun honek seme gaizkile eta odolzale bat izan duela, gauza hauetakoren bat egiten duena,

11 aitak ez bezala: sasikultu-lekuetako otorduetan parte hartzen du, lagun hurkoaren emaztea desohoratzen;

12 dohakabea eta behartsua zapaltzen ditu; lapurretak egin eta bahituran hartua ez du itzultzen; idoloetan uste ona jartzen du, higuingarritasuna eginez,

13 eta mailegua lukurreriaz egin eta interesak kobratzen ditu. Zin dagit neure biziarengatik hori ez dela biziko; gauza higuingarri horiek guztiak egin dituenez, hil egingo da, eta bera izango da bere heriotzaren errudun.

14 «Demagun bigarren honek semea duela, aitak egin dituen bekatu guztiak ikusita ere, berdin jokatzen ez duena:

15 ez du sasikultu-lekuetako otorduetan parte hartzen, ezta uste ona jartzen ere Israelgo idoloetan; ez du lagun hurkoaren emaztea desohoratzen;

16 ez du inor zapaltzen, ezta bahituran hartua beretzat gordetzen edo lapurretarik egiten ere; jatekoa ematen dio gosetuari eta jantzia biluzik dagoenari;

17 ez du esku hartzen bidegabekerian; ez du mailegurik lukurreriaz edo interesak kobratzeko egiten; nire erabakiak bete eta nire legeen arabera ibiltzen da. Hori ez da hilko aitaren erruarengatik; aitzitik, bizi egingo da.

18 Aitak, ordea, zapalkuntzak eta lapurretak egin eta bere herritarrak gaizki erabili zituen; beraz, bere erruarengatik hilko da.

19 «Galdetuko duzue: “Zergatik ez du semeak aitaren errua bere gain hartzen?” Baina semeak zuzenbidez eta justiziaz jokatu du, nire lege guztiak betetzen saiatu da; bizi egingo da, beraz.

20 Bekatu egiten duena, hori hilko da; semeak ez ditu aitaren erruaren ondorenak jasan beharko, ezta aitak ere semearenak. Gizon zintzoari bere zintzotasunaren ordaina emango zaio, gaiztoari bere gaiztakeriarena.

21 «Gaiztoari dagokionez, egin dituen bekatu guztietatik aldentzen bada, nire lege guztiak bete eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko.

22 Ez dut gogoratuko egindako gaiztakeriarik, baizik eta bere egintza zuzenengatik biziko da.

23 Hau diot nik, Jainko Jaunak: Atsegin dudala uste al duzue gaiztoa hiltzea eta ez jokabidez aldatu eta bizitzea?

24 «Zintzoari dagokionez, berriz, bere justiziatik aldendu eta, gaiztoak egin ohi dituen gauza higuingarri guztien antzera, txarkeria egiten badu, bizi egingo ote da, halere? Haren egintza zuzenak ez ditut gogoan hartuko. Egin dituen desleialkeria eta bekatuengatik hil egingo da.

25 «Esango duzue: “Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea”. Entzun, israeldarrok: Nire jokabidea ez dela bidezkoa? Zuena da bidezkoa ez dena.

26 Zintzoa, bere justiziatik aldendu, txarkeria egin eta hiltzen denean, egin duen txarkeriagatik hiltzen da.

27 Gaiztoak, berriz, egin duen gaiztakeriatik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu, bizirik iraungo du.

28 Egindako txarkeriez ohartu eta guztietatik aldentzen bada, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko.

29 Halere, zuek, israeldarrok, diozue: “Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea”. Nire jokabidea bidezkoa ez dela diozue, israeldarrok? Zuena da bidezkoa ez dena.

30 Beraz, Israel herri, nor bere jokabidearen arabera epaituko dut nik. Hau diot nik, Jainko Jaunak. Itzul zaitezte, aldendu zeuen gaiztakeria guztietatik eta ez zarete errudun bihurtuko.

31 Kendu gainetik egindako gaiztakeria guztiak, berritu zeuen bihotz-gogoak. Zergatik hil behar duzue, israeldarrok?

32 Nik ez dut atsegin inoren heriotza; itzuli, bada, eta bizi zaitezte! Nik, Jainko Jaunak, esana».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48