1 Israelgo arduradun batzuk etorri eta nirekin eseri ziren.
2 Orduan, esan zidan Jaunak:
3 «Gizaseme, bekatu eragiten dieten idoloetara emanak dituzte bihotz-begiak gizon hauek: nola utziko diet niri kontsulta egiten?
4 Hitz egin, bada, eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Bekatu eragiten dieten idoloetara bihotz-begiak emanak izanik, profetagana etortzen den Israel herriko edonori neuk, Jaunak, erantzungo diot; eta nire erantzuna berorren idolo ugariek merezi dutena izango da.
5 Bihotza ukituko diet israeldar guztiei, beren idoloengatik niregandik urrundu diren horiei.
6 Beraz, adierazi Israel herriari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Itzuli, aldendu zeuen idoloetatik, egin uko zeuen jokabide higuingarri guztiei.
7 «Israel herriko bat nahiz Israelen bizi den etorkin bat, niregandik urrundu eta bihotz-begiak bekatu eragiten dioten idoloetara emanak izanik, profetagana niri kontsulta egitera joaten bada, nik neuk, Jaunak, erantzungo diot.
8 Aurpegi emango diot horrelakoari, eskarmentu-eredu bihurtuko dut besteentzat eta neure herritik botako; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
9 «Eta profetak, engainuan erori eta erantzun egiten badio, nik, Jaunak, bere engainuan utziko dut; eskua luzatuko dut beraren aurka eta neure herri Israeldik ezabatuko.
10 Era berean izango dira biak errudun: nitaz galdegitera joandakoa eta profeta.
11 Horrela, Israel herria ez da niregandik gehiago aldenduko, ezta bere gaiztakeriekin gehiago kutsatuko ere, baizik eta nire herri izango da eta ni beraren Jainko. Nik, Jaunak, esana».
12 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
13 «Gizaseme, herrialde bat nire aurka bekatu egin eta desleial izaten bazait, eskua luzatuko dut beraren kontra: ogibidea kenduko diot, gosetea bidaliko eta gizakiak eta abereak suntsituko.
14 Herrialde horretan Noe, Daniel eta Job baleude, hiru gizon horiek bakarrik jarraituko lukete bizirik beren zintzotasunagatik. Nik, Jainko Jaunak, esana.
15 «Eman dezagun basapiztiak bidaltzen ditudala herrialde horretara eta jenderik gabe hondamendi bihurtua uzten dudala, inor handik igarotzen ez delarik piztiengatik;
16 hiru gizon horiek herrialde horretan baleude, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ez dituztela beren seme-alabak ere bizirik aterako; beraiek bakarrik geldituko dira bizirik; herrialdea, berriz, hondamendi bihurtua geldituko da.
17 Edo demagun gerra sorrarazten dudala herrialdearen aurka eta, herrialde osoa igaroz, gizakiak eta abereak suntsitzeko agintzen diodala gudaroste etsaiari;
18 hiru gizon horiek herrialde horretan baleude, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ez dutela beren seme-alabarik ere bizirik aterako; beraiek bakarrik geldituko dira bizirik.
19 Edo demagun izurria bidaltzen dudala herrialdearen aurka eta heriotza zabaltzen dudala neure suminez, gizakiak eta abereak suntsituz;
20 herrialde horretan Noe, Daniel eta Job baleude, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ez dutela seme-alabarik ere bizirik aterako. Beraiek bakarrik jarraituko dute bizirik beren zintzotasunagatik.
21 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Are okerrago izango da, gizakiak eta abereak suntsitzeko lau zigor beldurgarriok —gerra, gosetea, basapiztiak eta izurria— Jerusalemen aurka bidaliko ditudanean.
22 Halere, geldituko dira batzuk bizirik, beren seme-alabekin hiritik irten eta zuengana, erbestera, etorriko direnak. Berorien jokabidea eta egintza txarrak ikusiz, Jerusalemen gainera erakarriko dudan zoritxarraz kontsolatu ahal izango zarete.
23 Berorien jokabidea eta egintzak ikusi ondoren, gutxiago sufrituko duzue, konturatuko baitzarete ez nuela hirian egindako guztia arrazoirik gabe egin. Nik, Jainko Jaunak, esana».