1 Tenpluko sala handira eraman ninduen eta neurtu egin zuen: sarrerako hormek hiru metroko lodiera zuten;
2 ateak bost metroko zabalera, eta sarrerako albo-hormek bi metro eta erdikoa. Sala bera ere neurtu zuen: hogei metro zen luze eta hamar zabal.
3 Gero, barreneko gelara sartu eta sarrerako hormak neurtu zituen: metro bateko lodiera zuten, ateak hiru metroko zabalera, eta sarrerako albo-hormek hiru metro eta erdikoa.
4 Gela neurtu zuen: hamar metro zen luze-zabal. Orduan, esan zidan: «Toki santu-santua da hau».
5 Gizonak tenpluko horma neurtu zuen: hiru metroko lodiera zuen. Inguru guztian, eranskinak zeuden eraikita, bi metroko zabaleraz.
6 Gela haiek bata bestearen gain zeuden, hiru oinetan, eta bakoitzean hogeita hamar gela. Tenpluko hormak maila-moduko batzuk zituen, eta haien gainean zeuden ezarriak geletako habeak, eta ez tenpluaren beraren horman sartuak.
7 Oin bakoitzean gelak zabalagoak ziren, eta tenpluko horma, berriz, estuagoa. Barreneko oinetik bitartekora igarotzen zen, eta honetatik gorenekora.
8 Eta tenpluaren inguru guztian, hiru metroko ezponda ikusi nuen, eta haren gainean zeuden oinarrituak eranskin edo gelak.
9 Eranskinen kanpoko hormak bi metro eta erdiko lodiera zuen. Eta tenpluari erantsitako gela haien
10 eta apaizen gelen artean hamar metroko hutsartea zegoen, tenpluaren inguru guztian.
11 Geletatik bi ate zeuden hutsarte hartara: bata iparraldera eta bestea hegoaldera. Hutsartearen inguruko hormaren lodiera bi metro eta erdikoa zen.
12 Tenpluaren mendebaldean, eraikin bat zegoen hutsartearen azkenean: berrogeita bost metro zen luze eta hogeita hamabost zabal; hormak, berriz, bi metro eta erdi lodi.
13 Gizonak tenplua neurtu zuen: berrogeita hamar metro zen zabal. Hutsartearen, mendebaldeko eraikinaren eta hormen luzera, guztira, berrogeita hamar metrokoa zen.
14 Tenpluaren ekialdeko fatxadaren eta hutsartearen luzera ere berrogeita hamar metrokoa zen.
15 Tenpluaren atzealdean zegoen eraikinaren luzera ere neurtu zuen: berrogeita hamar metro, alde bietan zeuden galeriak barne.Barneko sala handia eta atarira jotzen zuten atalondoak
16 zurez estaliak zeuden, baita atalaseak eta saredun leihoak ere; dena zegoen zurez estalia, zorutik leihoetaraino; leiho-arteak ere zurez estaliak zeuden.
17 Tenpluaren kanpoan eta barnean, sarrerako atetik barreneko gelaraino, hormak apainduta zeuden
18 zizelkaturiko izaki hegaldun eta palmondoz; txandaka zeuden izaki hegaldun eta palmondoak. Izaki bakoitzak bi aurpegi zituen:
19 giza aurpegia alde bateko palmondora begira, lehoi-aurpegia beste aldeko palmondora begira. Apaingarri haiek tenpluaren inguru guztian zeuden,
20 hormetan zizelkatuak zorutik ateburuetaraino.
21 Gela handiko atearen muntagak karratuak ziren.Toki santuaren aurrean zerbait zegoen,
22 zurezko aldare baten itxura zuena, metro eta erdi altu eta metro bat luze. Ertzak zituen, eta oinarria eta alboak zurezkoak. Esan zidan gizonak: «Jaunaren aurrean dagoen mahaia da hau».
23 Bi orriko ate batetik sala handira sartzen zen, eta beste ate batetik toki santu-santura.
24 Ate haietako bakoitzak bi euskarri jiragarri zituen.
25 Gela handiko ateetan, hormetan zeuden izaki hegaldun eta palmondoak bezalakoxeak zeuden zizelkatuak. Sarrerako atalondoaren fatxadan, kanpoaldetik, zurezko aterpetxoa zegoen.
26 Atalondoaren albo-hormetan, saredun leihoak eta palmondo-irudiak zeuden, baita tenpluko eranskinetan eta aterpetxoetan ere.