13 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Neure haserre-suminean ekaitz-haizea sorraraziko dut, uholde-euriak eta harri suntsitzailea bidaliko.
14 Bota egingo dut zuek kareorez estalitako harresia, lurrera eraitsi eta oinarriak agerian utziko. Erortzean, haren azpian galduko zarete zuek. Orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
15 Neure sumindura guztia hustuko dut hormaren eta kareorez estali dutenen aurka. Esango dizuet: Kito harresia! Kito kareorez estaltzen zutenak!
16 Kito Israelgo profetak, Jerusalemi nire izenean hitz egin eta, bakerik ez zegoenean, bake-ikuskariak azaltzen zizkiotenak! Nik, Jainko Jaunak, esana.
17 «Entzun, gizaseme, eman aurpegi zeure herriko emakumeei, beren kabuz profetagintzan diharduten horiei, eta hitz egin nire izenean horien kontra.
18 Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zoritxarrekoak, aztikeriaz jendearen gogoa menderatzeko, jende guztiarentzako eskumuturrekoak eta tamaina guztietako txanoak josten dituzuenok. Nire herriko jendea zeuenganatu nahi duzue zeuen probetxurako.
19 Neure herriaren aurrean profanatzen nauzue esku bete garagar eta ogi-zati batzuengatik; honela, engainatu egiten duzue sineskorra den nire herria, hiltzea merezi ez zutenak hilaraziz eta bizitzea merezi ez zutenak biziaraziz.