7 Ez al dituzte ikuskari hutsalak? Ez al dituzte iragarpen gezurtiak egiten, nik hitz egin gabe “Jaunaren mezua” esaten dutenean?
8 Horregatik, hitz hutsalak eta ikuskari gezurtiak zabaldu dituztelako, beraien kontra esku hartuko dudala diot nik, Jainko Jaunak.
9 Neure eskua luzatuko dut ikuskari hutsal eta iragarpen gezurtiak dituzten profeten aurka; ez dira nire herriaren batzarrean egongo, ez da horien izenik Israel herriaren errolda-liburuan idatziko, ez dira Israel lurraldera inoiz itzuliko; orduan jakingo dute ni naizela Jainko Jauna.
10 «Nire herria desbideratu dute “Bakea!” esanez, bake-arrastorik ez zegoenean; nire herriak harresi pitzatua eraikitzen zuen bitartean, hauek kareorez estaltzen zuten.
11 Esan kareorez estaltzen dutenei: Uholde-euriak etorriko dira, harria botako du eta ekaitz-haizeak joko.
12 Harresia jausten denean, ez al dizuete esango: “Non da eman zenioten kareorea?”
13 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Neure haserre-suminean ekaitz-haizea sorraraziko dut, uholde-euriak eta harri suntsitzailea bidaliko.