26 Egiptoarrekin, zeure ondoko gizonkote horiekin, prostituzioan jardun zenuen; horrela, lizunkeriak ugalduz, iraindu egin ninduzun.
27 Orduan, eskua luzatu nuen zu zigortzeko. Zure bizigaiak murriztu eta zeure etsai filistear hirien esku utzi zintudan, haiek ere lotsatu egiten zirelarik zure jokaera iraingarriaz.
28 Eta asegaitz, asiriarrekin ere prostituzioan jardun zenuen; baina, halere, ez zinen ase.
29 Hurrengo, merkatarien herrialdean, Babilonian, saiatu zinen prostituzioan; halere, ez zinen ase.
30 Hau diot nik, Jainko Jaunak: Ai, nola sumintzen nintzen zure kontra gauza horiek guztiak burutzen zenituenean, emagaldu amorratuenak bezala jokatuz!
31 Bideburu eta plaza guztietan prostituzio-lekuak eraiki zenituen; baina ez zenuen emagalduek ohi bezala jokatu, baztertu egiten baitzenuen lansaria.
32 Ai emazte adulteriogile hori, zeure senarraren ordez arrotzak hartzen dituzuna!