10 «Beraz, Egiptotik atera eta basamortura eraman nituen.
11 Neure legeak eman nizkien eta erabakiak ezagutarazi, betetzen dituenari bizia ematen diotenak.
12 Larunbata ere eman nien, atseden-eguna, nire eta haien arteko elkartasun-seinale izateko, eta jakin zezaten nik, Jaunak, sagaratu nituela.
13 Baina Israel herria kontra altxatu zitzaidan basamortuan; ez zuten nire legeen arabera jokatu, eta nire erabakiak —betetzen dituenari bizia ematen diotenak— mespretxatu zituzten; larunbata ere etengabe hautsi zuten. Orduan, neure sumina haien gain, basamortuan, isuri eta haiek suntsitzea pentsatu nuen.
14 Halere, ez nuen egin, baizik eta neure izenaren ohorez jokatu nuen, nire izena belztua izan ez zedin israeldarrak Egiptotik ateratzen ikusi ninduten nazioen artean.
15 Basamortuan zin eginez agindu nien ez nituela sartuko eman nien lurraldean, esnea eta eztia zerizkion eta guztietan ederrena zen lurraldean.
16 Eta hori, nire erabakiak mespretxatu zituztelako, ez zutelako nire legeen arabera jokatu eta bai nire larunbatak hautsi; izan ere, haien bihotzak idoloei atxikiak zeuden guztiz.