28 Jerusalemdarrei gezurrezkoa iruditu zitzaien iragarpen hau, hitzarmena egina baitzuten babiloniarrekin; baina Babiloniako erregeak beren errua aurpegiratuko die, eta preso hartuko.
29 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeuek salatu duzue zeuen errua eta agerian jarri zeuen hobenak; zeuek nabarmendu dituzue zeuen bekatu eta egintza txarrak; zeuen buruak salatu dituzue; horregatik, preso hartuko zaituztete bortxaz.
30 Zuri dagokizunez, Israelgo printze, gaizkile zital hori, heldu da zure ordua, azken zigorraren eguna.
31 Hau diot nik, Jainko Jaunak: Ken diezaiotela durbantea, kendu koroa; ezer ez da lehen bezala izango: behekoa goratua eta goikoa beheratua izango da.
32 Hondamendia! Hondamendia! Sekula gertatu ez den bezalako hondamendi bihurtuko dut dena; baina hau ez da gertatuko nik zigor-epaia betetzeko baimendu dudana heldu arte.
33 «Zuk, gizaseme, hitz egin nire izenean eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua, Israeli iseka egiten dioten amondarren kontra: Ezpata! Ezpata! Zorrotik kanpo zaude sarraskirako, leundua distira botatzeko.
34 Ikuskari faltsuak eta gezurrezko iragarpenak dituzte zuri buruz. Erabil zaitzatela gaizkile maltzurren lepoak ebakitzeko, iritsi baita horien ordua, azken zigorraren eguna.