10 «Pertsia, Lud eta Put herrialdeetako gerlariak zeneuzkan zeure armadan, babeski eta buru-oskolak zintzilikatuz apaintzen zintuzten.
11 Arbadeko gizonak, zure armadarekin, zure harresietan zeuden zainketan, eta Gamad-ekoak zure dorre-gainetan. Beren babeskiak zure harresietan zintzilikatzen zituzten, inguru guztian, zure edertasuna bikainduz.
12 «Tarsiseko jendeak zurekin egiten zuen salerosketan, hain ugaria baitzen zure aberastasuna, eta zeure salgaien truke zilarra, burdina, eztainua eta beruna ematen zizkizuten.
13 Grezia, Tubal eta Mexek-eko jendea ere bezero zenuen, eta esklaboz eta brontzezko tresnez ordaintzen zizuten.
14 Bet-Togarmakoek ibiltzeko edo garraiorako zaldiak eta mandoak ekartzen zizkizuten.
15 Dedangoak ere bezero zenituen; itsas herri askok zurekin egiten zituen tratuak, boliz eta ebanoz ordainduz.
16 Aramgoek zure eskulan ugariak erosten zituzten eta trukean esmeraldak, purpurazko oihalak, bordatuak eta lihozko ehunak, koralak eta errubiak ematen zizkizuten.