2 «Gizaseme, adierazi Tiroko erregeari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Harropuzturik, esan duzu: “Jainko naiz eta jainko-tronuan nago eseria, itsas erdian”; baina zu gizaki huts zara, eta ez jainko, nahiz eta Jainkoaren pareko zarela uste izan.
3 Daniel bera baino ere jakintsuagoa omen zara! Ez dago enigma ulertezinik zuretzat.
4 Zeure jakinduria eta trebetasunaz egin zara aberats, urrea eta zilarra pilatu dituzu zeure altxorretan;
5 merkataritzarako zenuen abileziaz erruz ugaldu dituzu ondasunak, eta aberastasunak harropuztu egin zaitu.
6 «Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeure burua jainkoen pareko egin duzulako,
7 atzerriko jenderik ankerrena etorraraziko dut zure kontra; zure jakinduria bikainaren emaitzak desegingo dituzte ezpataz, eta zure ospe distiratsua belztuko.
8 Hildakoen tokira jaitsaraziko zaituzte, heriotza bortitzez hilko zara itsas erdian.