28 Basamortu eta hondamendi bihurtuko dut herrialdea, beraren indar harroa desegingo; Israelgo mendiak hondamendi bihurtuko ditut, eta ez da handik inor igaroko.
29 Egintza higuingarri guztiak zigortzeko, herrialdea basamortu eta hondamendi bihurtuko dudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna.
30 «Gizaseme, zure herritarrak zutaz ari dira harresi ondoan eta etxe-atarietan, elkarri esanez: “Goazen, ea zein mezu ematen digun Jaunak”.
31 Eta multzoan etortzen dira zuregana, eta nire herria zure aurrean esertzen da; entzuten dituzte zure hitzak, baina bete ez; atsegin dituzte zure hitzak, baina beren probetxu bila dabiltza barruan.
32 Azken batean, ahots politaz eta musika ederraren laguntzaz amodio-kantak abesten dituena bezala zara zu berorientzat: entzuten dituzte, bai, zure hitzak; bete, ordea, ez dituzte betetzen.
33 Baina zuk iragarria beteko denean, eta betetzear dago, orduan jakingo dute bazutela profeta bat beren artean».