29 Egintza higuingarri guztiak zigortzeko, herrialdea basamortu eta hondamendi bihurtuko dudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna.
30 «Gizaseme, zure herritarrak zutaz ari dira harresi ondoan eta etxe-atarietan, elkarri esanez: “Goazen, ea zein mezu ematen digun Jaunak”.
31 Eta multzoan etortzen dira zuregana, eta nire herria zure aurrean esertzen da; entzuten dituzte zure hitzak, baina bete ez; atsegin dituzte zure hitzak, baina beren probetxu bila dabiltza barruan.
32 Azken batean, ahots politaz eta musika ederraren laguntzaz amodio-kantak abesten dituena bezala zara zu berorientzat: entzuten dituzte, bai, zure hitzak; bete, ordea, ez dituzte betetzen.
33 Baina zuk iragarria beteko denean, eta betetzear dago, orduan jakingo dute bazutela profeta bat beren artean».