3 Hartzazu burdin xafla bat eta ezarri burdin hesia balitz bezala zeure eta hiriaren artean; finkatu zeure begiak hirian: setiaturik gelditu da. Hau seinale izango da Israel herriarentzat.
4-5 «Gero, etzan ezkerraldera eta hartu zeure gainean Israel herriaren errua. Hirurehun eta laurogeita hamar egunez egongo zara horrela etzanda, israeldarren errua zeure gain hartuz: egun bat israeldarren bekatu-urte bakoitzeko.
6 Egun horiek amaitzean, bigarren aldian eskuinaldera etzan eta Juda herriaren errua hartuko duzu zeure gain berrogei egunez, urte bakoitzeko egun bat.
7 Finkatu zeure begiak Jerusalem setiatuaren gain eta, besoa altxaturik, hitz egin nire izenean beraren aurka.
8 Nik sokaz lotuko zaitut, etzanik igaro beharreko egunak bete arte, alde batetik bestera alda ez zaitezen.
9 «Hartu garia, garagarra, babak, dilistak, artatxikia eta zekalea; sartu dena ontzi batean eta egin ogia. Hori jango duzu alde batera etzanda emango dituzun hirurehun eta laurogeita hamar egunetan.
10 Kilo laurden bateko anoa jango duzu egunero, ordu jakinetan.