3 Baina karguan dagoen printzea sar daiteke hortik otordu sakratua nire aurrean egitera. Atalondotik sartuko da eta bide beretik irtengo».
4 Gero, iparraldeko atetik tenpluaren aurrera eraman ninduen gizonak. Jaunaren aintzak tenplua betetzen zuela ikusi nuen, eta ahuspez erori nintzen.
5 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, jarri arreta, begira erne eta entzun adi tenpluari buruz emango dizkizudan lege eta arau guztiak; hartu gogoan, batez ere, tenpluan sartzeko eskubideari buruzkoak.
6 «Adierazi israeldarrei, herri errebelde horri, nire, Jainko Jaun honen, mezua: Israeldarrok, aski da! Gehiegizkoak dira zuen egintza higuingarriak.
7 Nire tenplua profanatzen ari zarete, oparietan neuri dagokidana —gantzak eta odola— eskaintzean, atzerritarrak, jende erdaingabe eta sinesgogor hori, bertara sarraraziz; horrela, nire ituna hautsi duzue zeuen jokabide higuingarriarekin.
8 Nire santutegiko liturgi zerbitzua bera ere atzerritarren esku utzi duzue.
9 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Berriro ez da atzerritarrik, jende erdaingabe eta sinesgogorrik, nire santutegira sartuko, nahiz eta israeldarren artean bizi.