1 Lurraldea israeldar leinuen artean banatzean, zati bat Jaunarentzat bereiziko duzue, eremu sakratu gisa: hamabi kilometro eta erdi izango da luze eta hamar kilometro zabal. Sakratua izango da eremu osoa.
2 Eremu horretatik, zati bat, karratua —berrehun eta berrogeita hamar metrokoa luze-zabalean—, tenpluarentzat izango da, eta hogeita bost metro zabaleko hutsartea izango du inguru guztian.
3 Jaunarentzat gordetako zati horren erdia, hamabi kilometro eta erdi luze eta bost kilometro zabal, mugatu egingo duzue. Hor eraikiko da santutegia, toki santua.
4 Lurraldearen zati hori sakratua izango da, eta santutegian Jaunaren zerbitzuan jardungo duten apaizentzako gordea; bertan beren etxeak eraikiko dituzte eta santutegiarentzako leku sakratua izango dute.
5 Beste erdia, hamabi kilometro eta erdi luze eta bost kilometro zabal, tenpluko zerbitzuan jardungo duten lebitarrentzat izango da, bizitzeko hiriak izan ditzaten.
6 Eremu sakratu bezala bereizitako zatiaren ondoan, hamabi kilometro eta erdi luzeko eta bi kilometro eta erdi zabaleko beste zati bat mugatuko da hiri-barruti bezala: zati hori israeldar guztientzat izango da.
7 Printzearentzat ere bereiziko da zati bat, eremu sakratu eta hiri-barrutiaren bi aldeetara: mendebaldetik Mediterraneo itsasoraino hedatuko da, eta ekialdetik Israelgo ekialdeko mugaraino. Guztira, leinu bakoitzaren lurraldearen luzera berbera izango du.