8 Esan zidan gizonak: «Ur hauek ekialdera doaz, Araba haraneraino jaisten dira eta Itsaso Hilean amaitzen. Itsasoratzean, hango ur ustelak ondu egingo dituzte.
9 Erreka helduko den edonon, mota guztietako piztiak biziko dira eta arrain asko izango; itsasoko urak on bihurtuko dira, eta bizia sortuko du doan leku guztietan.
10 Arrantzaleak izango dira ur-bazterrean eta En-Geditik En-Eglaimeraino sareak jarriko dituzte lehortzen, eta han Mediterraneo itsasoan bezain ugari izango dira arrainak.
11 Baina aintzira eta padurak ez dira gezatuko, gatzaga izaten jarraituko dute.
12 Errekaren bi ertzetan, mota guztietako fruta-arbolak haziko dira; ez zaizkie hostoak sekula zimelduko, eta etengabe emango dituzte fruituak, hilero emanaldi bat, santutegitik ateratzen den urak ureztatzen baititu. Fruituak elikagai izango dira, eta hostoak sendagai».
13 Hau dio Jainko Jaunak: «Hona hemen, Israelgo hamabi leinuen artean banatuko duzuen lurraldearen mugak (Joseren ondorengoek bi zati hartuko dituzte).
14 Zati berdinetan banatuko duzue lurraldea. Zin eginez agindu nien zuen arbasoei beraiei emango niela eta, beraz, zuei dagokizue ondaretzat.