1 «Hona hemen leinuen izenak, dagozkien zatiekin. Danen zatia iparraldeko muturrean dago, Hetlon, Hamateko sarrera eta Hatzar-Enonetik igarotzen den mugaren kontra, Damasko eta Hamat herrialdeen artean; ekialdeko mugatik Mediterraneo itsasoraino hedatzen da.
2-7 Eta jarraian, ondorengo leinu hauen zatiak, ekialdetik mendebaldera hedatuz, ordena honetan: Axer, Neftali, Manases, Efraim, Ruben eta Juda.
8 «Judaren zatiaren ondoren, ekialdeko mugatik Mediterraneo itsasoraino, Jaunarentzat bereizitako zatia egongo da: hamabi kilometro eta erdi izango da luze, leinu bakoitzaren zatia bezalaxe; erdian santutegia egongo da.
9 Jaunarentzat bereiziko den zatia hamabi kilometro eta erdi izango da luze, eta hamar zabal.
10 Eremu sakratu honetatik zati bat apaizentzako izango da: ekialdetik mendebaldera hamabi kilometro eta erdi izango da luze, eta bost kilometro zabal iparraldetik hegoaldera. Erdian nire santutegia egongo da.