20 Oro har, Jaunarentzat eta hiriarentzat bereiziriko zatia karratua izango da, hamabi kilometro eta erdi alde bakoitzetik.
21 Gainerakoa printzearentzat izango da. Hari dagokiona, eremu sakratu eta hiri-barruti izateko bereizitakoaren alde bietan egongo da: batetik, hamabi kilometro eta erdiko zati horren mugetatik ekialdeko mugaraino, eta, bestetik, Mediterraneo itsasoraino. Printzeari dagokion zati honen erdian egongo dira Jaunari sagaraturiko zatia eta santutegia,
22 baita lebitarrentzako eta hiriarentzako bereizitako lurzatiak ere, Judaren zatia izango duelarik iparraldean, eta Benjaminena hegoaldean.
23-27 «Hegoalderantz, ondorengo beste leinu hauen zatiak daude, ekialdeko mugatik Mediterraneo itsasoraino hedatuz, ordena honetan: Benjamin, Simeon, Isakar, Zabulon eta Gad.
28 «Gaden hegoaldeko muga lurralde guztiaren muga izango da: ekialdetik, Tamar-tik Meriba-Kadexeko oasiraino eta handik, Egiptoko errekari jarraituz, Mediterraneo itsasoraino.
29 Hau da Israelgo leinuen artean banatuko duzuen lurraldea, hauek leinuei dagozkien ondare-zatiak. Nik, Jainko Jaunak, esana.
30-31 «Jerusalemgo hiriak hamabi ate izango ditu, eta bakoitzak Israelgo leinu baten izena izango du. Iparraldeko harresiak, bi kilometro eta laurden luze, hiru ate izango ditu: Ruben, Juda eta Lebirenak.