1 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hartu aizto zorrotz bat eta erabili bizarra mozteko labana bezala: moztu ilea eta bizarra, pisatu eta banatu hiru metatxotan.
2 Setio-egunak amaitzean, metatxo bat hiriaren erdian erreko duzu; beste bat ezpataz jo eta hiriaren inguruan astinduko duzu; azkena haizeratu eta sakabanatu egingo duzu —eta nik ezpataz pertsegituko dut—.
3 Baina zuk ile pixka bat hartu eta soinekoaren tolesduretan gordeko duzu,
4 eta pixka honetatik beste pixka bat hartu, sutara bota eta erre egingo duzu: Israel herri osoa erreko duen sua irtengo da hortik».
5 Hau dio Jainko Jaunak: «Hona hemen Jerusalem! Nazioen erdian jarria nuen nik, eta herrialdez inguratua.
6 Baina nire erabakien eta legeen kontra altxatu da, inguruko nazio eta herrialdeek baino gaiztakeria handiagoak eginez. Nire erabakiak mespretxatu ditu eta ez du nire legeen arabera jokatu.
7 Horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Inguruko herriak baino ere errebeldeago izan zarete, ez duzue nire legeen arabera jokatu, ezta nire erabakiak bete ere; inguruko nazioen ohiturei ere ez diezue jarraitu.