1 Seigarren urtean, seigarren hilaren bostean, Judako erbesteratuen arduradunekin batera neure etxean eserita nengoela, Jainko Jaunaren indarra jabetu zen nitaz.
2 Gizaki-antzeko irudi bat ikusi nuen: gerrialdetik behera suzkoa zen; gerrialdetik gora metal goriaren distira bezalako argitasunez inguratua.
3 Esku-antzeko zerbait luzatu eta iletik heldu zidan; Jaunaren espirituak airean altxatu ninduen eta, Jainkoarengandiko ikuskaritan, Jerusalemgo tenplura eraman, iparraldera jotzen duen barneko atearen ondora; bertan zegoen Jaunari iraingarri eta jasanezin zitzaion idoloa.
4 Eta han agertu zitzaidan Israelen Jainkoaren aintza, haranean ikusia nuena bera.
5 Esan zidan: «Gizaseme, jaso begiak iparralderantz». Iparralderantz begiratu eta aldarea dagoeneko atariaren iparraldera, sarreran, Jaunari jasanezin zitzaion idolo hura ikusi nuen.
6 Orduan, esan zidan: «Gizaseme, ikusten duzu zertan ari diren? Ikusten Israel herriak hemen egiten dituen higuingarritasunak, ni neure santutegitik alde egitera behartuz? Baina higuingarritasun handiagoak ere ikusiko dituzu oraindik».
7 Gero, atariko sarrerara eraman ninduen. Horman zirrikitu bat ikusi nuen.