11 Israel herriko hirurogeita hamar arduradun, Xafanen seme Jaazanias erdian zela, irudi haien aurrean zeuden nor bere intsentsu-ontziarekin, eta intsentsuaren lurrina gora zihoan.
12 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, ikusten al duzu Israel herriko arduradunek ilunpetan egiten dutena, bakoitza bere irudi marraztuen gelatxoan dagoenean? Esaten dute: “Ez gaitu Jaunak ikusten; bertan behera utzi du Jaunak herrialde hau”».
13 Eta erantsi zidan: «Ikusiko duzu oraindik hauek baino higuingarritasun handiagorik».
14 Jaunaren etxearen iparraldeko ate ondora eraman ninduen; han emakumeak zeuden eserita Tamuz jainkoarengatik dolu egiten.
15 Esan zidan Jaunak: «Ikusten al duzu, gizaseme? Bada, ikusiko duzu oraindik hau baino higuingarritasun handiagorik».
16 Jaunaren etxeko barne-atarira eraman ninduen eta, tenpluko sarreran, atalondo eta aldare artean, hogeita bosten bat gizon ikusi nituen, bizkarrez Jaunaren tenplurantz eta aurpegiz ekialderantz; ekialderantz ahuspezturik, eguzkia gurtzen ari ziren.
17 Esan zidan Jaunak: «Ikusten al duzu, gizaseme? Eta hemen egiten dituzten higuingarritasunekin Juda herriak aski ez balu bezala, indarkeriaz betetzen dute herrialdea, ni are gehiago irainduz. Begira nola eramaten duten erramua sudurreraino!