4 Eta han agertu zitzaidan Israelen Jainkoaren aintza, haranean ikusia nuena bera.
5 Esan zidan: «Gizaseme, jaso begiak iparralderantz». Iparralderantz begiratu eta aldarea dagoeneko atariaren iparraldera, sarreran, Jaunari jasanezin zitzaion idolo hura ikusi nuen.
6 Orduan, esan zidan: «Gizaseme, ikusten duzu zertan ari diren? Ikusten Israel herriak hemen egiten dituen higuingarritasunak, ni neure santutegitik alde egitera behartuz? Baina higuingarritasun handiagoak ere ikusiko dituzu oraindik».
7 Gero, atariko sarrerara eraman ninduen. Horman zirrikitu bat ikusi nuen.
8 Esan zidan: «Gizaseme, zulatu horma hortxe bertan». Zulatu nuen horma eta irekidura bat egin zen.
9 Orduan, esan zidan: «Sartu eta ikusi hauek hemen egiten ari diren higuingarritasun izugarriak».
10 Sartu eta mota guztietako narrasti eta piztia nazkagarrien irudiak eta Israel herriko idolo guztiak ikusi nituen horman marraztuta, inguru guztian.