10 Sidimgo harana galipot-putzuz josia zegoen, eta, ihesi zihoazela, hauetara erori ziren Sodoma eta Gomorrako erregeak; gainerakoek mendialdera egin zuten ihes.
11 Garaileek, Sodoma eta Gomorrako ondasun eta jaki oroz jabeturik, alde egin zuten.
12 Sodoman bizi zen Abramen iloba Lot ere atxilotu egin zuten, bere ondasun eta guzti. Eta alde egin zuten.
13 Iheslarietako bat gertatuaren berri Abram hebrearrari ematera joan zitzaion. Abram Mambre amortarraren artadian bizi zen, eta Mambreren anaia Exkol eta Anerrekin hitzarmena egina zuen.
14 Abramek, iloba bahitu ziotela jakitean, hirurehun eta hemezortzi laguneko taldea morroi fidagarrienekin prestatu zuen eta errege haien ondoren joan zen Daneraino.
15 Bere gizataldearekin gauez etsaien gainera erori eta garaitu egin zituen, eta Damaskotik iparraldera dagoen Hobaraino jazarri.
16 Haiek harrapatutako guztia berreskuratu zuen: Lot eta honen ondasunak, bahiturik zeramatzaten emakumeak eta gainerako jendea.