Hasiera 47 EABD

Faraoiak Jakobi abegi ona

1 Josek faraoiari berri ematera joan eta esan zion: «Nire aita eta senideak etorri dira Kanaandik ardi eta behiekin eta daukaten guztiarekin. Orain Goxen eskualdean aurkitzen dira».

2 Anaietariko bost berekin hartu eta faraoiari aurkeztu zizkion.

3 Honek esan zien:—Zein da zuen lanbidea?Haiek erantzun:—Gu eta gure gurasoak artzain izan gara betidanik.

4 Eta jarraitu zuten:—Oso larria da gosetea Kanaan aldean, eta larrerik ere ez dago gure artaldeentzat. Horregatik etorri gara lurralde honetara, atzerritar gisa bizitzera. Utzi, beraz, Goxen eskualdean bizitzen.

5 Faraoiak Joseri esan zion:—Aita eta senideak etorri zaizkizu.

6 Hor duzu Egipto osoa; jar itzazu hoberen deritzozun eskualdean; Goxenen, esate baterako. Eta zure anaia horien artean gizon treberik baduzu, jarri nire abereen arduradun.

7 Ondoren, Josek bere aita eraman zuen faraoiari aurkezteko. Jakobek faraoia bedeinkatu zuen.

8 Honela galdetu zion faraoiak:—Zenbat urte dituzu?

9 Jakobek erantzun:—Ehun eta hogeita hamar urtez ibili naiz harat-honat. Urte latzak izan ditut, baina nolanahi ere nire gurasoenak baino laburragoak.

10 Jakobek faraoia berriro bedeinkatu eta alde egin zuen.

11 Josek, faraoiak agindu bezala, aita eta senideak Egiptoko eskualderik hoberenean jarri zituen, Ramses faraoiaren eskualdean, ematen zien lurraren jabe eginez.

12 Gainera, aitaren, senideen eta familia guztiaren mantenuaz arduratu zen.

Joseren nekazaritza-politika

13 Ez zen janaririk lurralde osoan gosete larriarengatik. Goseak jota utzi zituen Egipto eta Kanaan lurraldeak.

14 Josek Egipto eta Kanaaneko diru guztia bildu zuen gari truke, eta faraoiaren jauregiko altxortegian sartu.

15 Diru guztia gastatu zutenean, egiptoarrak Joseri joan zitzaizkion, esanez:—Emaguzu jatekoa. Dirua amaitu zaigulako, hiltzen utzi behar ote gaituzu?

16 Josek erantzun zien:—Diru gehiago ez baduzue, emazkidazue zeuen abereak jatekoaren truke.

17 Ekarri zizkioten, bada, Joseri beren abereak: ardi, behi eta astoak; hauen truke janariz hornitu zituen urte osoan.

18 Urte hura igarorik, ordea, han joan zitzaizkion berriro ere eta esan: «Ez dizugu ukatuko, jauna, gastatu dugula dirua eta zureak direla gure abere-taldeak; ez zaizkigu, jauna, gure besoak eta lurra besterik gelditzen.

19 Zergatik utzi behar gaituzu hiltzen geure lur eta guzti? Eros gaitzazu gu geu eta gure lurrak janari truke, eta faraoiaren esklabo bihurtuko gara, geure lurrekin batera. Emaguzu hazia bizirik iraun dezagun eta gure lurrak eremu bihur ez daitezen».

20 Honela erosi zituen Josek Egiptoko lur guztiak faraoiarentzat. Egiptoarrek nork bere lurra saldu zuten, gainean zuten gosete latzarengatik; hala, lurralde osoaren jabe bilakatu zen faraoia.

21 Jendea hiri handietara aldarazi zuen lurraldearen ertz batetik bestera.

22 Apaizen lurrak bakarrik utzi zituen erosi gabe, haien alde lege bat baitzuen faraoiak emana; honek ematen zien jateko behar zutena. Honengatik, ez zuten beren lurrak saldu beharrik izan.

23 Josek esan zion herriari:—Hara, gaur erosi zaituztet zuek eta zuen lurrak faraoiarentzat. Hemen duzue hazia; erein zeuen lurretan.

24 Uztaroan, bostetik bat faraoiari emango diozue eta beste laurak zuentzat izango dituzue, ereiteko eta zeuek, zeuen haurrak eta etxekoak mantentzeko.

25 Herriak erantzun:—Bizia zor dizugu! Hau mesedea egin diguzuna! Faraoiak bere esklabo izango gaitu!

26 Honela ezarri zuen Josek Egiptoko lurretan bildutako bostetik bat faraoiari emateko legea. Lege honek gaurdaino dirau. Apaizen lurrak bakarrik gelditu ziren faraoiarenak bihurtu gabe.

Jakoben azken nahia

27 Israeldarrak Egiptoko Goxen eskualdean bizi ziren. Han lurrak erosi zituzten, seme-alabak sortu eta erruz ugaldu ziren.

28 Egiptora iritsi ondoren, beste hamazazpi urtez bizi izan zen Jakob, ehun eta berrogeita zazpi urte betetzeraino.

29 Azken eguna zetorkiolarik, bere seme Joseri deitu eta esan zion:—Maite banauzu, izan nirekin onbera eta leiala: ezarri eskua nire izterpean eta hitzemadazu ez nauzula Egipton ehortziko.

30 Hil eta neure arbasoekin elkar nadinean, Egiptotik atera eta haien hilobian ehortziko nauzu.Josek erantzun zion:—Beteko dut zuk esana.

31 Eta Jakobek:—Egidazu zin!Josek zin egin zion. Orduan, Jakob oheburura makurtu zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50