Hasiera 20 EABD

Abraham, Sara eta Abimelek

1 Abraham, zegoen tokitik Negeveko eskualdera abiatu zen eta Gerar hirian jarri zen bizitzen atzerritar gisa, Kadex eta Xur-en artean.

2 Han zegoelarik, Sara bere emaztea, arreba zuela zioen. Orduan, Gerarko errege Abimelekek Sara eraman ziezaiotela agindu zuen.

3 Baina, gau hartan, Jainkoa agertu zitzaion Abimeleki ametsetan, esanez: «Hil egingo zara, hartu duzun emakumea ezkondua baita».

4 Baina Abimelekek ez zuen oraindik inolako harremanik izan Sararekin. Horregatik esan zion:—Jauna, galdu egin behar al duzu errugabe den herri bat?

5 Ez al dit, bada, berak esan arreba zuela? Andreak ere neba zuela zioen. Nik fede onez eta zintzo jokatu dut.

6 Jainkoak erantzun zion ametsetan:—Bai, badakit fede onez jokatu duzula; horregatik, ez dizut utzi Sararekin harremanak izaten, nire aurka bekatu egin ez zenezan.

7 Orain, ordea, itzul iezaiozu gizon horri bere emaztea; profeta denez, zure alde erregutuko du eta ez duzu galduko bizia. Itzultzen ez badiozu, berriz, zinez hilko zarete zu zeu eta zuretar guztiak.

8 Goizean goiz jaikirik, Abimelekek bere zerbitzari guztiak deitu zituen, ametsaren berri emateko. Denak harriturik gelditu ziren.

9 Etorrarazi zuen Abimelekek Abraham, eta esan zion:—Baina zer egin didazu? Zer kalte egin dizut, ni neu eta nire herria halako bekatu handiaren arriskuan jartzeko? Ez duzu ongi jokatu nirekin.

10 Zer dela-eta jokatu duzu horrela?

11 Abrahamek erantzun zion:—Neure baitarako pentsatu nuen: «Segur aski leku honetan ez zegok Jainkoarekiko begirunerik; nire emazteaz jabetzeko, hil egingo naitek».

12 Gainera, egiaz nire arreba duzue Sara aitaren aldetik, nire amarenetik ez bada ere, eta emaztetzat hartu nuen.

13 Horrela, Jainkoak neure aitarenetik atzerrira bidean jarri ninduenean, esan nion Sarari: «Norabait sartzen garenean, esazu, arren, neba nauzula».

14 Orduan, Abimelekek itzuli egin zion Abrahami emaztea. Era berean, ardiak, behiak eta morroi-mirabeak eman zizkion oparitzat,

15 eta esan zion:—Hor duzu zeure aurrean nire lurralde guztia. Geldi zaitez bizitzen gogokoen duzun lekuan.

16 Sarari, berriz, esan zion:—Adizu, zure nebari zilarrezko mila txanpon eman dizkiot. Opari honek egiaztatzen die zuretarrei eta denei errugabea zarela; honela, denek jakingo dute ez duzula inolako okerrik egin.

17 Abrahamek Jainkoari otoitz egin eta Jainkoak sendatu egin zituen Abimelek, honen emaztea eta mirabeak, berriro seme-alabak izan ahal zitzaten.

18 Izan ere, Jaunak agor bihurtuak zituen Abimeleken etxekoak, Sara Abrahamen emaztea zela eta.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50