Hasiera 45 EABD

Josek bere burua ezagutzera eman anaiei

1 Josek, bere sentipenei gehiago eutsi ezinik, inguruan zituen egiptoarrei agindu zien: «Atera denok hemendik!»Hala, ez zen Joserekin inor gelditu, anaiei bere burua ezagutzera eman zienean.

2 Orduan, negarrari eman zion ozenki. Entzun zioten egiptoarrek, eta faraoiaren jauregian ere honen berri izan zuten.

3 Josek bere senideei esan zien: «Jose nauzue! Bizi al da oraindik aita?»Anaiek, izuaren izuz, ez zuten erantzuten asmatzen.

4 Orduan, Josek: «Tira, hurbildu niregana!»Hurbildu zitzaizkionean, honela jarraitu zuen: «Bai, Jose nauzue, zeuen anaia, Egiptora ekartzeko saldu zenutena.

5 Baina ez izan orain atsekaberik, ez damurik, hona saldu ninduzuelako. Jainkoak zuen aurretik etorrarazi nau, bizia izan dezazuen.

6 Bi urte dirau goseteak lurralde osoan eta datozen bost urteetan ere ez da hazirik ereingo, ez uztarik bilduko.

7 Jainkoak zuen aurretik bidali nau, zuentzat behar adina janari gordetzeko eta zuek harrigarriro salbatzeko.

8 Beraz, ez nauzue zuek bidali, Jainkoak baizik. Berak jarri nau faraoiaren ordezko, bere etxeko buru eta Egipto osoko agintari.

9 «Ea, bada, itzuli arin aitarengana eta esaiozue: Hau dio zure seme Josek: Jainkoak Egipto osoko buru jarri nau. Zatoz niregana! Ez luzatu!

10 Goxen lurraldean biziko zarete, niregandik hurbil, zeu, zure seme-alabak eta bilobak, zure artalde eta behi-taldeak eta daukazuen guztia.

11 Han hornituko zaituztet janariz zeu, zure etxekoak eta zure abere-taldeak. Ez zaizu ezer faltako, beste bost gose-urte gelditzen diren arren».

12 Beste hau ere esan zien Josek: «Bai zuek, bai Benjaminek, zeuen begiz egiazta dezakezue ni neu naizela hitz egiten ari natzaizuena.

13 Kontaiozue aitari ikusitako guztia eta azaldu berari zein aginpide handia dudan Egipton. Zoazte arin eta ekarri lehenbailehen hona aita».

14 Josek Benjamini lepotik heldu, eta negar batean aritu ziren biak besarkaturik.

15 Eta, negarrez jarraiki, beste anaiak ere besarkatu zituen.Orduan, anaiak hitz egiten hasi zitzaizkion.

Faraoiak Jakob gonbidatu Egiptora

16 Honen guztiaren berri izan zuten faraoiaren jauregian; «Joseren anaiak etorri dira Egiptora», zioten.Atseginez jaso zuten albistea faraoiak eta honen funtzionarioek.

17 Faraoiak esan zion Joseri: «Esaiezu anaiei astoak prestatu eta Kanaanera itzultzeko,

18 aita eta etxekoak hartu eta nire ondora etor daitezen. Egiptoko eskualderik joriena emango diet, eta lurraldeko emaitzarik hoberenak izango dituzte janari.

19 Agindu, orobat, hartzeko zenbait gurdi Egipton beren emazte eta seme-alabentzat, eta, aita harturik, etortzeko.

20 Ez daitezela ardura han uzten dutenaz, Egiptoko eskualderik emankorrena izango baitute».

21 Hala egin zuten Israelen semeek. Faraoiak agindu bezala, gurdiak eman zizkien Josek bere anaiei, baita biderako jan-edariak ere.

22 Bakoitzari aldatzeko jantziak eman zizkion. Benjamini, gainera, bost jantzi eta zilarrezko hirurehun txanpon.

23 Aitari hamar asto bidali zizkion, Egiptoko emaitzarik hoberenez kargaturik, eta hamar asteme gari-alez, ogiz eta jakiz kargaturik.

24 Anaiei, bidean beren arteko liskarrik ez izateko erregutu ondoren, agur egin zien.

25 Irten ziren, bada, Egiptotik eta, Kanaanera, beren aita Jakobengana, heldu zirenean,

26 berria eman zioten: «Bizi da Jose oraindik eta bera da agintari Egipto lurralde osoan».Jakobek, halaz guztiz, ez zuen zirkinik ere egin, ezin sinetsirik.

27 Baina Josek esandako guztia kontatu ziotenean eta bera eramateko bidali zizkion gurdiak ikusi, piztu zitzaion bihotza

28 eta esan zuen: «Bizi da nire seme Jose! Ez dut besteren beharrik! Noan ikustera, hil baino lehen!»

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50