Hasiera 22 EABD

Isaak opari eskainia

1 Handik aldi batera, Jainkoak probatu egin nahi izan zuen Abraham eta dei egin zion:—Abraham!Honek erantzun:—Hemen nauzu!

2 Eta Jainkoak:—Hartzazu Isaak zeure semea, hain maite duzun seme bakarra, eta zoaz Moria lurraldera. Igo zaitez nik erakutsiko dizudan mendira eta eskain iezadazu semea han erre-oparitzat.

3 Biharamunean, goizean goiz jaiki zen Abraham, txalmatu zuen astoa eta, oparitarako egurra txikiturik, Jainkoak esandako lekura joan zen, bere seme Isaak eta bi morroirekin.

4 Hirugarren egunean, urrutira, aipatutako lekua ikusi ahal izan zuen Abrahamek.

5 Orduan, esan zien morroiei: «Gelditu hemen astoarekin. Mutikoa eta biok hara goaz, Jainkoa gurtzeko. Gero, itzuliko gara».

6 Hartu zuen Abrahamek oparitarako egurra, eta bizkarrean jarri zion bere seme Isaaki; berak aiztoa eta sua zeramatzan. Biak batera zihoazela,

7 Isaakek bere aita Abrahami esan zion:—Aita!—Zer duzu, seme? —erantzun zion Abrahamek.Eta Isaakek:—Sua eta egurra badaramatzagu; baina non dugu oparitarako arkumea?

8 Abrahamek erantzun:—Utzi hori Jainkoaren esku, seme!Eta elkarrekin zihoazen bidean.

9 Jainkoak aipatutako lekura iritsi zirenean, aldarea eraiki zuen Abrahamek eta egurra prestatu. Ondoren, lotu zuen Isaak eta aldareko egur gainean ezarri.

10 Eskua luzatuz, hartu zuen aiztoa bere semea hiltzeko.

11 Baina Jaunaren aingeruak dei egin zion zerutik:—Abraham! Abraham!—Hemen nauzu! —erantzun zuen Abrahamek.

12 Aingeruak, orduan:—Geldi esku hori! Ez egin kalterik mutikoari! Orain badakit Jainkoari begirune diozula, ez baitiozu zeure seme bakarra ere ukatu.

13 Jaso zituen begiak Abrahamek, ingurura begiratu eta ahari bat ikusi zuen sasi artean adarretatik kateatua. Hartu eta erre-oparitzat eskaini zuen bere semearen ordez.

14 Abrahamek leku hari «Jaunak du hornitzen» ezarri zion izena, eta gaur egun ere hala dio jendeak: «Mendian Jaunak du hornitzen».

15 Bigarren aldiz deitu zion Jaunaren aingeruak zerutik,

16 esanez: «Honela dio Jaunak: Hala jokatu duzulako, zeure seme bakarra ere ukatu ez didazulako, nik neurez zin dagit:

17 Oparo bedeinkatuko zaitut eta zure ondorengoak zeruko izarrak eta itsasertzeko hondarra bezain ugari egingo ditut eta etsaien hiriez jabetuko dira.

18 Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut, nire esana bete duzulako».

19 Orduan, Abraham bere morroiengana itzuli eta elkarrekin Beer-Xebara joan ziren. Hantxe jarri zen Abraham bizitzen.

Abrahamen ahaideak. Rebeka

20 Aldi baten ondoren, jakinarazi zioten Abrahami bere anaia Nahorri zortzi seme sortu zizkiola Milkak:

21 Utz izeneko lehen-semea, Buz, Aramen aita Kemuel,

22 Kesed, Hazo, Pildax, Idlaf eta Betuel;

23 hau Rebekaren aita izan zen. Zortzi seme hauek eman zizkion Milkak Abrahamen anaia Nahorri.

24 Reuma izeneko ohaideak, aldiz, lau seme hauek eman zizkion: Tebah, Gaham, Tahax eta Maaka.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50