1 Abraham zaharra zen, adinean aurreratua. Jaunak gauza guztietan bedeinkatua zuen.
2 Etxeko bere morroi zaharrenari, zuen guztiaren arduradunari, esan zion Abrahamek:—Ezarri eskua nire izterpean.
3 Zin egidazu Jaunarengatik, zeru-lurren Jainkoarengatik, ez duzula nire semearentzat emazterik hartuko bizi naizen lurralde honetako kanaandarren alabetatik,
4 baizik eta nire sorterrira eta ahaideengana joango zarela, nire seme Isaakentzat emaztea hautatzera.
5 Morroiak galdegin zion:—Beharbada, neskak ez du lurralde honetara nirekin etorri nahi izango. Orduan, zure semea zure sorterrira eraman beharko ote dut?
6 Abrahamek erantzun:—Ez eraman hara nire semea.
7 Zeruko Jainko Jaunak nire aitaren etxetik eta nire ahaideetatik hartu ninduen eta zin eginez agindu zidan: «Lurralde hau zure ondorengoei emango diet». Hain zuzen, berak bidaliko dizu aingerua aurretik, handik nire semearentzat emaztea hartu ahal izan dezazun.
8 Eta emakumeak zurekin etorri nahi ez badu, egin didazun zin-hitzetik aske geldituko zara. Dena den, ez eraman hara nire semea.
9 Morroiak, orduan, bere nagusi Abrahamen izterpean eskua ezarri eta zin egin zion.
10 Bere nagusiaren hamar gamelu eta gauzarik hoberenak harturik, Mesopotamia aldera abiatu zen morroia, Nahor bizi zen hirira.
11 Bertara iristeko zegoela, gameluak ur-putzu baten ondoan etzanarazi zituen. Arratsaldea zen, emakumeak ur bila joan ohi ziren sasoia.
12 Bere baitan otoitzari eman zion, honela: «Jauna, nire nagusi Abrahamen Jainkoa, arren, aurki dezadala gaur bila nabilena; ager ezazu nire nagusi Abrahami diozun onginahia.
13 Ni ur-putzu honen ondoan geldituko naiz. Hiriko neskatxak ura ateratzera datozenean,
14 esango diot haietariko bati: “Eraitsi zeure pegarra edan dezadan”. Berak erantzungo balu: “Edazu, eta zure gameluei ere emango diet edaten”, izan bedi huraxe zeure zerbitzari Isaakentzat hautatu duzuna. Honela jakingo dut zeure onginahia agertu diozula nire nagusiari».
15 Bere arteko otoitza amaitu baino lehen, horra non hurbiltzen den Rebeka, pegarra sorbaldan. Betuelen alaba zen; Betuel, berriz, Abrahamen anaia Nahorren eta Milkaren semea.
16 Neskatxa oso ederra zen, birjina eta ezkongabea. Ur-putzura jaitsi, pegarra bete eta igo egin zen.
17 Abrahamen morroia lasterka bidera atera zitzaion eta honela mintzatu:—Emadazu, arren, ur pixka bat zeure pegarretik.
18 Hark erantzun:—Edazu, jauna.Eta, berehala pegarra besoetara eraitsirik, edaten eman zion.
19 Edan zuenean, esan zion neskatxak:—Zure gameluentzat ere ura ateratzera noa, ase arte edan dezaten.
20 Hustu zuen pegarra askan, eta lasterka joan zen putzura ur gehiago hartzera, gamelu guztiei eman zien arte.
21 Bien bitartean, morroia hari begira zegoen, isilean bere buruari galdezka bere bidaiaren helburua lorrarazi ote zion Jaunak.
22 Gamelu guztiak ase zirenean, hartu zituen morroiak sei gramoko urrezko eraztuna eta ehun gramo baino gehiago zuten urrezko bi eskumuturreko,
23 eta galdegin zion:— Adizu! Noren alaba zara? Ba ote da zure aitaren etxean tokirik guretzat, gaua igarotzeko?
24 Rebekak erantzun zion:— Betuelen alaba naiz, Milkak Nahorri eman zion semearena.
25 Gainera, esan zion:—Bada gure etxean lasto eta belar ugari, eta baita gaua igarotzeko tokia ere.
26 Orduan, morroiak, ahuspezturik, Jauna gurtu zuen,
27 esanez: «Bedeinkatua Jauna, nire nagusi Abrahamen Jainkoa, onbera eta leiala izan baita ene nagusiarekin. Jaunak neure nagusiaren ahaideen etxerako bidean jarri nau».
28 Neskatxa lasterka joan zen etxera gertatu zitzaionaren berri amari ematera.
29-30 Rebekak neba bat zuen, Laban izenekoa. Bere arrebak zeramatzan eraztuna eta eskumuturrekoak ikusi eta gizon bat mintzatu zitzaiola entzunik, Laban etxetik atera eta ur-putzu aldera joan zen korrika morroiarengana. Hau oraindik ur-putzutik hurbil zegoen, gameluen ondoan.
31 Labanek esan zion: «Zertan zaude hor kanpoan? Zatoz etxera, Jaunak bedeinkatu hori! Atondua dut etxea, baita gameluentzako tokia ere».
32 Labanek, etxean sartu, gameluei zamak kendu eta lastoa eta belarra eman zizkien. Ondoren, ura ekarri zien morroiari eta honen bidelagunei, oinak garbitzeko.
33 Janaria aurrean jarri zien, baina morroiak esan zuen:—Ez dut jango, esateko dudana esan aurretik.Labanek erantzun zion:—Esan, bada.
34 Morroiak jarraitu zuen:—Abrahamen morroia nauzu.
35 Jaunak oparo bedeinkatu du nire nagusia eta aberats egin: ardi eta behiak, zilar eta urrea, morroi eta mirabeak, gamelu eta astoak eman dizkio.
36 Sarak, nire nagusiaren emazteak, nire nagusiari seme bat sortu dio bere zahartzaroan, eta honek semeari utzi dizkio bere ondasun guztiak.
37 Neure nagusiak zin eragin zidan, esanez: «Ez duzu nire semearentzat emazterik hartuko bizi naizen lurralde honetako kanaandarren alabetatik.
38 Aitzitik, nire aitaren etxera, nire ahaideengana joango zara nire semearentzat emaztea hartzera».
39 Orduan, nagusiari esan nion: «Beharbada, neskak ez du nirekin etorri nahi izango».
40 Hark erantzun zidan: «Ni Jaunaren zerbitzuan bizi izan naiz beti eta hark bere aingerua bidaliko du zurekin; zure bidaiaren helburua lorraraziko dizu, eta nire semearentzat emaztea hartuko duzu nire ahaideen artetik, nire aitaren etxetik.
41 Nire ahaideengana joan ondoren, zin-hitzetik aske geldituko zara. Emaztea eman nahi ez badizute ere, zin-hitzetik aske geldituko zara».
42 Beraz, gaur ur-putzura iristean, neurekiko esan dut: «Jauna, nire nagusi Abrahamen Jainkoa, egiten ari naizen bidaiaren helburua lorrarazi nahi badidazu,
43 ur-putzu honen ondoan geldituko naiz; eta neskatxaren bat ura ateratzera datorrenean, hau esango diot: “Emadazu, arren, ur pixka bat zeure pegarretik”.
44 Hark erantzungo balit: “Edazu zeuk, eta zure gameluentzat ere aterako dut ura”, izan bedi hori, Jauna, nire nagusiaren semearentzat hautatu duzun emaztea».
45 «Nirekiko otoitza amaitu baino lehen, hona non azaldu den Rebeka, pegarra sorbaldan, eta ur-putzura jaitsi ura ateratzera. “Emadazu, arren, edaten”, esan diot.
46 Eraitsi du berehala pegarra sorbaldatik eta esan dit: “Edazu, eta emango diet edaten zure gameluei ere”. Edan dut nik eta eman die edaten nire gameluei ere.
47 Ondoren, galdegin diot: “Noren alaba zara?”. “Betuelena, Milka eta Nahorren semearena”, erantzun dit. Orduan, eraztuna ezarri diot sudurrean eta eskumuturrekoak.
48 Ahuspeztu eta Jauna gurtu dut. Bedeinkatu dut Jauna, neure nagusi Abrahamen Jainkoa, zuzeneko bidetik ekarri nauelako, haren semearentzat neure nagusiaren iloba emaztetzat hartzeko.
49 Orain, bada, esadazue nire nagusiarekiko onbera eta leial agertu nahi duzuen ala ez, nora jo jakin dezadan».
50 Labanek eta Betuelek erantzun zioten:— Jaunaren gauza da hau; ezin dizugu esan ez baietz, ez ezetz.
51 Horra, hor duzu aurrean Rebeka. Hartzazu eta zoaz. Izan bedi zure nagusiaren semearen emazte, Jaunak esan bezala.
52 Abrahamen morroia, hitzok entzun orduko, lurrean ahuspeztu zen, Jaunari eskerrak emanez.
53 Atera zituen zilarrezko eta urrezko bitxiak eta soinekoak, eta Rebekari eman zizkion. Honen nebari eta amari ere egin zizkien opariak.
54 Gero, morroia eta bidelagunak afaldu eta lotara joan ziren.Biharamun goizean, jaikitzean, morroiak esan zuen:—Uztazue neure nagusiagana itzultzen.
55 Rebekaren nebak eta amak esan zioten:—Bego oraindik neskatxa gurekin hamarren bat egun; gero joango zara.
56 Morroiak esan zien:—Ez nazazue atzerarazi, Jaunak nire bidaiari bukaera ona eman dionez gero. Uztazue neure nagusiagana itzultzen.
57 Orduan, esan zioten:—Deitu eta galde diezaiogun neskatxari berari.
58 Deitu eta galdegin zioten Rebekari:—Joan nahi al duzu berehala gizon honekin?—Bai! —erantzun zuen.
59 Orduan, amore eman zuten, beren arreba Rebeka eta honen inudea Abrahamen morroiarekin eta bidelagunekin joan zitezen,
60 eta Rebekari, bedeinkatuz, esan zioten:«Izan dezazulaondorengo ugari, arreba!Menpera ditzatelazure ondorengoeketsaien hiriak!»
61 Jaiki ziren Rebeka eta honen mirabeak, gameluetara igo eta Abrahamen morroiarekin abiatu ziren denak.
62 Isaak Lahai-Roiko ur-putzutik etorria zen, eta Negev lurraldean bizi zen.
63 Arrats batean, landara ibilaldi bat egitera joan eta, begiak jasorik, gameluak zetozela ikusi zuen.
64 Rebekak ere jaso zituen begiak eta, Isaak ikusirik, gamelutik jaitsi zen,
65 eta morroiari galdegin:—Nor da landan zehar bidera datorkigun gizon hori?Morroiak erantzun:—Ene nagusia.Orduan, Rebekak bere aurpegia estali zuen zapi batez.
66 Eginiko guztia kontatu zion morroiak Isaaki.
67 Honek bere ama Sararena izandako oihal-etxolara eraman zuen Rebeka. Emaztetzat hartu eta maite izan zuen. Honela poztu zuen Isaakek bere burua, ama hil ondoren.