1 Beste gosete bat ere izan zen lurralde hartan, Abrahamen garaikoaz gain, eta Isaak Gerar-era joan zen, filistearren errege Abimelekengana.
2 Jauna agertu zitzaion Isaaki eta esan zion: «Ez jaitsi Egiptora. Zaude nik adieraziko dizudan lurraldean.
3 Bizi lurralde horretan atzerritar gisa; ni zeurekin izango nauzu eta bedeinkatu egingo zaitut: herrialde hauek guztiak emango dizkizuet zuri eta zeure ondorengoei. Honela beteko dut zure aitari egin nion zin-hitza.
4 Zure ondorengoak zeruko izarrak bezain ugari egingo ditut, eta lurralde hau guztia emango diet. Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut,
5 Abrahamek nire esana, nire agindu, arau eta legeak aditu eta bete dituelako».
6 Hala, Isaak Gerar-en gelditu zen bizitzen.
7 Hango bizilagunek bere emazteaz galdegin zioten. Isaakek arreba zuela esaten zien, emaztea zuela esan beharrean, honen edertasunagatik bera hilko zuten beldurrez.
8 Denboraldia zeraman Isaakek Gerar-en. Behin batez, filistearren errege Abimelek leihora atera zen. Eta hona non ikusten dituen Isaak eta Rebeka emaztea harreman goxoan.
9 Deitu zion Abimelekek Isaaki eta esan:—Emaztea duzu, ezta? Zergatik esan zenigun, bada, arreba zenuela?Isaakek erantzun:—Bera zela-eta hilko ninduzuen beldur nintzelako esan nuen hori.
10 Abimelekek jarraitu zuen:—Zer egin diguzu, gero? Nola bururatu zaizu horrelakorik? Edozein herritar ohera zitekeen zure emaztearekin. Orduan, denok bihurtuko gintuzun errudun.
11 Eta herri osoari agindu zion:—Gizon hau eta beronen emaztea ukitzen dituenari heriotza-zigorra ezarriko zaio.
12 Erein zuen Isaakek lurralde hartan eta bateko ehun jaso zuen urte hartan, Jaunak bedeinkatu egin baitzuen.
13 Aberastu egin zen, gero eta aberatsago eta ahaltsuago egin ere.
14 Artalde eta behi-talde handiak eta morroi asko lortu zituen.Horregatik, filistearrek bekaitzez begiratzen zioten.
15 Filistearrek lurrez beteak zituzten Isaaken aita Abrahamen garaian honen morroiek zulatutako putzu guztiak.
16 Orduan, Abimelekek esan zion Isaaki: «Alde egizu gure artetik, gu baino ahaltsuago egin baitzara».
17 Hala, Isaak urrutiratu egin zen leku hartatik eta, Gerarko ibarrean oihal-etxola kokatuz, bertan jarri zen bizitzen.
18 Eta berriro zulatu zituen putzuak, bere aitaren garaian morroiek zulatu eta Abraham hil ondoren filistearrek lurrez beteriko putzu berberak. Bere aita Abrahamek emandako izen berak eman zizkien.
19 Isaaken morroiek ibarrean zulatu eta iturburu bat aurkitu zuten.
20 Baina Gerarko artzainek sesioa izan zuten Isaaken artzainekin. Esaten zuten: «Geurea diagu ura!»Esek —hau da, «Liskar»— izena ezarri zion Isaakek putzu hari, beronengatik liskartu zirelako.
21 Zulatu zuten beste bat, eta honengatik ere errietan ari izan ziren. Hau dela eta, Isaakek Sitna — hau da, «Salakuntza» — eman zion izen.
22 Handik urrunago beste bat zulatu zuten, baina ez zen oraingoan errietarik sortu. Honi Rehobot — hau da, «Zabaleta» — ezarri zion izena, esanez: «Orain bai lurralde zabala eta emankorra eman digula Jaunak».
23 Handik Beer-Xebara igo zen.
24 Gau hartan Jauna agertu zitzaion, esanez:«Ni naizzure aita Abrahamen Jainkoa.Ez izan beldur, zeurekin bainauzu.Bedeinkatuko zaitut,ondorengo ugari emango dizutneure zerbitzari Abrahamengatik».
25 Isaakek aldarea eraiki zuen leku hartan eta Jauna gurtu zuen. Han kokatu zuen oihal-etxola, eta morroiek beste putzu bat zulatu zuten.
26 Abimelek Gerartik etorri zitzaion Isaaki, Ahuzat bere adiskidearekin eta Pikol gudalburuarekin.
27 Isaakek galdetu zien:—Zertara zatozkidate, zeuen artetik bekaizkeriaz uxatu nauzuenok?
28 Haiek erantzun:—Orain ohartu gara argi eta garbi, zeurekin duzula Jauna eta hau pentsatu dugu: Zin egin diezaiogun elkarri; egin dezagun hitzarmena:
29 zuk ez diguzu kalterik egingo, guk ere egin ez dizugun bezala. Izan ere, on besterik ez dizugu egin eta bakean joaten utzi. Orain argi dugu Jaunak bedeinkatu zaituela.
30 Isaakek otordua atondu zien, eta haiek jan eta edan egin zuten.
31 Biharamunean, goizean goiz jaiki eta zin egin zioten elkarri. Gero, Isaakek agurtu egin zituen, eta adiskide gisa alde egin zuten haiek.
32 Egun hartan, bere morroiak etorri zitzaizkion Isaaki zulatu berria zuten putzuan ura aurkitu zutela esatera.
33 Isaakek Xibea eman zion izen; horregatik, gaurdaino Beer-Xeba —hau da, «Zin-Putzu»— deitzen zaio hiri hari.
34 Esauk, berrogei urte zituela, bi emakume hitita hartu zituen emaztetzat: Judit, Beeriren alaba, eta Basemat, Elonena.
35 Bi emakumeok oso samingarri gertatu zitzaizkien Isaaki eta Rebekari.