Hasiera 31 EABD

Jakob Labanengandik ihesi

1 Aditu zuen Jakobek Labanen semeek ziotena: «Jakobek beretzat hartu du gure aitarena zen guztia eta horrela lortu ditu aberastasun hauek guztiak».

2 Ikusten zuen Jakobek Labanen begitartea ere, eta ohartu zen haren jarrera ez zela ordu artekoa bezalakoa.

3 Orduan, Jaunak esan zion Jakobi: «Itzul zaitez zeure arbasoen lurraldera, zeure ahaideengana: ni zeurekin izango nauzu».

4 Jakobek deitu zituen Rakel eta Lea bere artaldea zeukan lekura,

5 eta esan zien:—Zuen aitaren begitartea ikusirik, ohartu naiz ez dela niretzat lehengoa bera; baina neurekin dut neure aitaren Jainkoa.

6 Badakizue ongi ahalegin guztiaz zerbitzatu dudala zuen aita.

7 Baina berak engainatu egin nau eta hamar bider, gutxienez, aldatu du nire lansaria; Jainkoak, ordea, ez dio utzi niri kalterik egiten.

8 «Pintoak izango dituzu lansari» zioenean, ardiek arkume pintoak egiten zituzten. «Marradunak izango dituzu lansari» zioenean, aldiz, ardiek arkume marradunak egiten zituzten.

9 Honela, Jainkoak artaldea zuen aitari kendu egin dio, eta niri eman.

10 Izan ere, ardiak ernaltzeko garaian hauxe ikusten nuen ametsetan: ardiak ernaltzen zituzten ahariak marradunak, pintoak eta nabarrak zirela.

11 Jainkoaren aingeruak deitu zidan ametsetan: «Jakob!» «Hemen nauzu!», erantzun nion nik.

12 Hark esan zidan: «Begira, ardiak ernaltzen dituzten ahari guztiak marradun, pinto eta nabarrak dira; izan ere, ikusi dut Labanek egin dizun guztia.

13 Betelgo Jainkoa naiz ni. Han, olioa isuriz, oroitarria sagaratu zenidan eta promes egin. Orain jaiki, irten lurralde honetatik eta zoaz zeure ahaideen herrialdera».

14 Rakelek eta Leak erantzun zioten:—Ez dugu jadanik hartzekorik ezer geure aitarenean. Izan ere, arrotz gisa hartzen gaitu.

15 Ez al gaitu, bada, saldu eta zuk guregatik eman zenuen diru guztia jan?

16 Horregatik, Jainkoak gure aitari kendu dizkion aberastasunak gureak eta gure seme-alabenak dira. Egizu, beraz, oraintxe bertan, Jainkoak esan dizun guztia.

17 Jaiki zen, bada, Jakob eta bere seme-alabak eta emazteak gamelu gainera igoarazi zituen.

18 Eta Mesopotamian eskuratutako abere-talde eta ondasun guztiak hartu zituen, Isaak bere aitarengana, Kanaan lurraldera, itzultzeko.

19 Bien bitartean, Laban artaldeari ilea moztera joana zelarik, Rakelek bere aitaren etxe-jainkoen irudiak ostu zituen.

20 Honela engainatu zuen Jakobek Laban aramearra, ez baitzion adierazi alde egiteko asmorik.

21 Bere gauza guztiekin alde egin zuen. Jaiki, Eufrates ibaia igaro eta Galaadeko mendirantz jo zuen.

Laban Jakoben ondoren

22 Hirugarren egunean eman zioten Labani Jakoben ihesaren berri.

23 Hartu zituen Labanek berekin bere ahaideak eta, zazpi egunez Jakoben atzetik ibili ondoren, Galaadeko mendian harrapatu zuen.

24 Jainkoa ametsetan azaldu zitzaion Laban aramearrari, esanez: «Ez, gero, esan ezertxo ere Jakobi».

25 Labanek atzeman zuenean, Jakob mendian zegoen kanpaturik. Laban ere bere ahaideekin Galaadeko mendi berean kanpatu zen.

26 Labanek esan zion Jakobi:—Zer egin duzu? Engainatu egin nauzu eta nire alabak guda-gatibu bailiran ekarri.

27 Zergatik alde egin duzu isilka eta engainuz, niri ohartarazi beharrean? Pozez eta kantuz agurtuko zintudan danbolina eta zitara joz!

28 Ez didazu neure alaba-bilobak besarkatzen utzi; oso ergel jokatu duzu.

29 Badut zuri kalte egiteko ahalbiderik, baina zuen arbasoen Jainkoak esan dit bart: «Ez, gero, esan ezertxo ere Jakobi».

30 Aitaren etxera joateko irrikaz zeundela eta, zuk alde egitea, tira; baina zergatik lapurtu dizkidazu etxe-jainkoen irudiak?

31 Jakobek erantzun zion Labani:—Beldur nintzelako egin dut ihes, zeure alabak kendu egingo zenizkidala uste nuen eta.

32 Zure etxe-jainkoen irudiei dagokienez, gutariko norbaiti aurkituko bazenizkio, hil egingo nuke halakoa. Begira gure ahaideen aurrean, gure ondasunen artean zurerik ba ote dagoen; hala balitz, hartu.Jakobek ez zekien Rakelek jainko-irudiak lapurtu zituenik.

33 Sartu zen Laban Jakoben oihal-etxolan, ondoren Learenean, gero beste bi mirabeenean, eta ez zuen ezer aurkitu. Atera zen Learen oihal-etxolatik eta Rakelenean sartu.

34 Baina Rakelek hartuak zituen ordurako etxe-jainkoen irudiak eta gameluaren txalman ezarriak. Bera gainean zegoen eseria. Labanek oihal-etxola guztia arakatu zuen, baina ez zuen ezer aurkitu.

35 Rakelek esan zion aitari: «Ez zaitez haserretu, ene jauna, zure aurrean jaikitzen ez banaiz, hilerokoarekin bainago».Dena zehatz-mehatz arakatu arren, ez zituen etxe-jainkoen irudiak aurkitu.

36 Haserre jarri zen Jakob, eta Labani errieta egin zion, ozenki esanez:—Zertan huts egin dut? Zein hoben egin dut zure aurka, niri halako amorruz erasotzeko?

37 Nire ondasunak arakatzean, aurkitu al duzu ezer zeure etxeko gauzetarik? Hala bada, ekarri hona, nire eta zure ahaideen aurrera, eta erabaki dezatela hauek nork duen arrazoi!

38 Hogei urte hauetan zeurekin izan nauzu; inoiz ere ez dute umerik galdu, ez ardiek, ez ahuntzek. Ez dut jan zure aharirik bat ere.

39 Piztiek sarraskituriko abererik ez dizut ekarri: neuk ordaintzen nuen galera; zuk, ordea, beti eskatu izan dizkidazu egunez nahiz gauez ebatsitako abereen kontuak.

40 Beroak jaten ninduen egunez eta hotzak gauez. Loa ihesi zihoakidan begietatik!

41 Halakoak izan ditut zurean iragan ditudan hogei urteak: hamalau urtez zerbitzatu zaitut zeure bi alabengatik, eta beste sei urtez abere-taldea izateko! Hamar aldiz aldatu didazu lansaria!

42 Ene aitaren Jainkoa, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainko izugarria, neure alde izan ez banu, esku-hutsik bidaliko nindukezun. Jainkoak, ordea, ikusi ditu nire atsekabea eta nire esku nekatuak, eta bart eman du erabakia.

Labanen eta Jakoben arteko hitzarmena

43 Labanek erantzun zion Jakobi:—Alaba horiek neureak ditut, haur horiek neureak, abere-talde hori neurea; ikusten dituzun guztiok neureak ditut. Zer egin diezaieket gaur neure alaba hauei eta berauen haurrei?

44 Ea, egin dezagun hitzarmena biok; bera izango da lekuko bion artean.

45 Orduan, hartu zuen Jakobek harri bat eta oroitarritzat eraiki.

46 Gero, bere ahaideei esan zien: «Bildu harri batzuk».Bildu zituzten harriak eta pilan ezarri. Eta han jan zuten, harri-pilaren gainean.

47 Labanek Jegar Sahaduta deitu zuen harri-pila hura; Jakobek, berriz, Galed.

48 Labanek esan zuen: «Harri-pila hau dugu gaur bion artean lekuko». Horregatik, Galed, —hau da, «Harri-pila Lekuko»— eman zion izen;

49 Mitzpa —hau da, «Begiraleku»— ere eman zion izen Labanek, berak esandako honengatik: «Jaunak begira diezagula niri eta zuri, elkarrengandik urruntzean.

50 Nire alabak gaizki erabiltzen badituzu eta nire alabez gain beste emazterik hartzen baduzu, inongo gizonik ez, baizik Jainkoa bera izango da lekuko nire eta zure artean».

51 Beste hau ere esan zion Labanek Jakobi: «Hona harri-pila hau eta bion arte an eraiki dudan oroitarria.

52 Harri-pila eta oroitarri hauek lekuko izanen dira hau adierazteko: ez zuk eta ez nik ez dugula asmo txarrik izan behar muga honetatik igarotzean.

53 Abrahamen Jainkoa eta Nahorren Jainkoa, gure gurasoen Jainkoa, izan bedi epaile gure artean».Orduan, Jakobek zin egin zuen bere aita Isaaken Jainko izugarriagatik.

54 Sakrifizioa eskaini zuen Jakobek mendian, eta bere ahaideak otordura gonbidatu. Otordua egin ondoren, mendian igaro zuten gaua.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50