14 Lotek suhigaien bila joan eta esan zien: «Ea, atera zaitezte hemendik, Jaunak erraustu egin behar baitu hiria». Baina haiek txantxetan ari zitzaiela pentsatu zuten.
15 Eguna argitzear zegoelarik, bisitariek presa eman zioten Loti, esanez: «Bizkor! Zoaz hemendik emazte eta alaba biekin; bestela, hiri honi ezarritako zigor berean hilko zara!»
16 Eta, Lot nagi zebilela ikusirik, bisitariek indarrez atera zituzten bera, emaztea eta bi alabak, eta hiritik kanpo utzi, erruki izan baitzien Jaunak.
17 Hiritik kanpora eraman zituztenean, haietako batek esan zion:—Libra zaitez! Ez begiratu atzera, ez gelditu ibar honetan. Ihes egizu mendira, hondamendian eror ez zaitezen.
18 Lotek, ordea, erantzun:—Ez, arren, ene jauna!
19 Egiaz zure zerbitzari hau begiko izan duzu eta onginahi handia agertu didazu, bizirik gordez. Baina ez dut inolako salbabiderik mendian, hondamendiak harrapatu eta bidean hilko baininduke.
20 Ikusi herri koskor hura. Nahiko hurbil dago, bertan babesteko. Arren, uztazu herri txiki horretaraino joaten, eta bizirik aterako naiz.