18 Ea, hartzazu berriro mutikoa eta ez utzi eskutik, herri handi baten aita bihurtuko baitut».
19 Orduan, Jainkoak ur-putzu bat ikusarazi zion Agarri. Honek zahatoa urez bete eta edaten eman zion mutikoari.
20-21 Jainkoa lagun izan zuen mutikoak; hau handituz joan zen eta Parango eremuan bizi izan zen. Arkulari trebe bihurtu zen. Amak emakume egiptoar bat eman zion emaztetzat.
22 Aldi hartan, Abimelek erregeak, Pikol gudalburua berekin zuela, Abrahamengana joan eta esan zion:—Jainkoa duzu lagun egiten duzun orotan.
23 Jainkoarengatik, beraz, egizu zin, ez duzula maltzurki jokatuko nirekin, ez neure seme-alabekin, ez hauen ondorengoekin. Ni leial izan nauzunez, emadazu hitza zeu ere hala izango zarela nirekin eta orain atzerritar gisa bizi zareneko herri honekin.
24 Abrahamek erantzun:—Zin dagit!
25 Baina Abrahamek errieta egin zion Abimeleki, honen morroiek bortxaz hartu zuten ur-putzua zela eta.