27 esanez: «Bedeinkatua Jauna, nire nagusi Abrahamen Jainkoa, onbera eta leiala izan baita ene nagusiarekin. Jaunak neure nagusiaren ahaideen etxerako bidean jarri nau».
28 Neskatxa lasterka joan zen etxera gertatu zitzaionaren berri amari ematera.
29-30 Rebekak neba bat zuen, Laban izenekoa. Bere arrebak zeramatzan eraztuna eta eskumuturrekoak ikusi eta gizon bat mintzatu zitzaiola entzunik, Laban etxetik atera eta ur-putzu aldera joan zen korrika morroiarengana. Hau oraindik ur-putzutik hurbil zegoen, gameluen ondoan.
31 Labanek esan zion: «Zertan zaude hor kanpoan? Zatoz etxera, Jaunak bedeinkatu hori! Atondua dut etxea, baita gameluentzako tokia ere».
32 Labanek, etxean sartu, gameluei zamak kendu eta lastoa eta belarra eman zizkien. Ondoren, ura ekarri zien morroiari eta honen bidelagunei, oinak garbitzeko.
33 Janaria aurrean jarri zien, baina morroiak esan zuen:—Ez dut jango, esateko dudana esan aurretik.Labanek erantzun zion:—Esan, bada.
34 Morroiak jarraitu zuen:—Abrahamen morroia nauzu.