6 Baditut behi eta astoak, artaldeak, morroi eta mirabeak. Mezulariak bidaltzen dizkizut ene jaun horri, honen guztiaren berri ematera, onez hartuko nauzulakoan».
7 Itzuli zitzaizkion mezulariak Jakobi, esanez: «Esau zure anaiarekin egon gara. Bera ere bidera datorkizu laurehun gizonekin».
8 Jakob biziki beldurtu zen eta larritu. Berekin zuen jendea, abere txiki eta handiak eta gameluak bi kanpamendutan banatu zituen,
9 bere baitarako baitzioen: «Esau kanpamendu batera etorri eta erasotzen badit, beste kanpalekukoek ihes egin ahal izango dute».
10 Gero, Jakobek otoitz hau egin zuen: «Jauna, gure guraso Abrahamen eta Isaaken Jainkoa, zuk esan didazu: “Itzul zaitez zeure lurraldera eta zeure ahaideengana, eta bedeinkatuko zaitut”.
11 Ez dut merezi zeure zerbitzari honi egin diozun hainbat mesede, leial agertu zatzaizkio eta. Neure makila besterik ez nuen Jordan hau igarotzean, eta orain bi kanpamendu oso ditut.
12 Libra nazazu, arren, neure anaia Esauren eskutik, ni eta ama-semeak hiltzeko etorriko den beldur bainaiz.