1 Jainkoak esan zion Jakobi: «Jaiki! Igo Betelera, eta zaude han. Egidazu bertan aldarea, Esau zeure anaiarengandik ihesi zindoazelarik agertu zitzaizun Jainko honi».
2 Orduan, Jakobek esan zien bere etxekoei eta berekin zeuden guztiei: «Kendu zeuen artetik jainko arrotzak; egin garbikuntza eta aldatu soinekoak.
3 Gero, Betelera igoko gara. Han aldarea egingo diot larrialdi-egunean erantzun zidan Jainkoari, nire ibilbidean neurekin izan baitut».
4 Haiek esku artean zituzten jainko arrotzen irudi guztiak eman zizkioten Jakobi, baita belarritakoak ere. Eta Jakobek Sikem inguruko artearen azpian lurperatu zituen.
5 Abiatu ziren, bada, eta Jainkoarekiko izuak hartu zuen hirietako jendea: inork ez zien eraso Jakoben semeei.
6 Kanaan lurraldean dagoen Luz-era, hau da, Betelera, heldu zen Jakob, berarekin zihoan jende guztiarekin.