17 Josek erantzun zuen:—Ez dut inola ere horrelakorik egingo! Edalontzia aurkitu zaion hura bakarrik izango da nire esklabo; gainerako guztiok zoazte bakean zeuen aitarengana.
18 Judak, Joserengana hurbilduz, esan zion:—Arren, jauna, utziozu zeure zerbitzari honi bi hitz esaten; faraoiaren pareko zara zu eta ez zakizkit haserre!
19 Aurreko txandan zuk, jauna, aitarik nahiz beste anaiarik ba ote genuen galdetu zenigun.
20 Baietz erantzun genizun: bagenuela oraindik aita zaharra, eta zahartzaroan jaio zitzaion seme bat ere bai. Gure aitak oso maite zuela, berau zelako bere emazte kutunarengandik gelditzen zitzaion bakarra, bestea hila zuenez.
21 Anaia hura hona ekartzeko esan zenigun zure zerbitzarioi, ikusi nahi zenuela eta.
22 Guk, aldiz, adierazi genizun, jauna, mutikoak ezin zuela aita utzi, aita hilko ez bazen.
23 Zuk, hala ere, gure anaia gurekin ez bazetorren, ez azaltzeko berriro zure aurrera esan zenigun.