5 Aitak zin eragin dit, bera hiltzean, Kanaan lurraldean duen hilobian ehortziko dudala. Emadazu orain aita ehorztera joateko baimena; itzuliko naiz gero».
6 Faraoiak erantzun zion: «Zoaz eta ehortzi aita, zin egin diozun bezala».
7 Jose bere aita ehorztera joan zen. Harekin batera joan ziren faraoiaren funtzionario guztiak, jauregiko eta Egipto osoko handiki guztiak;
8 baita Joseren etxeko guztiak ere, senideak eta aitaren familiakoak. Haurrak eta abereak besterik ez zuten utzi Goxen eskualdean.
9 Gurdi eta zaldunak ere bazihoazen. Berealdiko multzoa osatzen zuten!
10 Jordanez beste aldera dagoen Goren-Atadera iristean, hileta handi eta ospetsuak egin zituzten. Josek zazpi eguneko dolua egin zion aitari.
11 Goren-Atadeko dolua ikustean, bertakoek, kanaandarrek, esaten zuten: «Egiptoarren dolu hau bai dela ospetsua!» Horregatik, Jordanez beste aldeko leku hari Abel-Mitzraim —hau da, «Egiptoarren dolu»— eman zioten izena.