10 baita zuekin dituzuen bizidun guztiekin ere: hegazti, abere eta piztiekin, ontzitik atera diren guztiekin.
11 Hona ematen dizuedan itun-hitza: ez duela uholdeak berriro bizidunik hondatuko, ez dela aurrerantzean mundua suntsituko duen uholderik izango».
12 Hau ere esan zien Jainkoak: «Hau da zuei eta zuen artean bizi diren bizidun guztiei belaunez belaun eta betiko ematen dizuedan itun-hitzaren ezaugarria:
13 neure ostadarra ezartzen dut hodeien artean, eta nire eta munduaren arteko itunaren seinale izango da.
14 «Nik zerua lainotzean, ostadarra azalduko da hodeietan;
15 orduan, zuei eta bizidun guztiei emandako itun-hitz honetaz oroituko naiz: ez direla aurrerantzean urak uholde bihurtuko, bizidun oro suntsitzeko.
16 Ostadarra hodeietan ikustean, bizidun guztiei betiko ematen diedan itun-hitz honetaz oroituko naiz».