Eginak
Kapituluak 12
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
Santiago hila eta Pedro atxilotua
1Aldi hartan, Herodes erregea eliz elkarteko batzuei gogor erasotzen hasi zen.
2Santiago, Joanen anaia, ezpataz hilarazi zuen
3eta, hori juduei atsegin zitzaiela ikusirik, Pedro ere preso hartu zuen. Pazko-astea zen.
4Atxilotu eta kartzelan sarrarazi zuen, bada, eta launa gudariko lau talderen zainpean jarri, Pazko ondoren herriaren aurrean agerrarazteko asmotan.
5Pedro kartzelan zaindua zeukaten bitartean, eliz elkartea Jainkoari otoitzean ari zitzaion kartsuki haren alde.
Pedro kartzelatik askatua
6Herodesek hura atera behar zuen aurreko gauean, Pedro lo zegoen bi soldaduren artean, bi katez loturik, eta guardiak atean kartzela zaintzen.
7Bat-batean, Jaunaren aingerua agertu eta gela guztia argiz bete zen. Aingeruak, saihetsean ukituz, Pedro esnarazi eta esan zion: «Jaiki, bizkor!» Bat-batean, kateak eskuetatik erori zitzaizkion.
8Gero, aingeruak esan zion: «Lotu gerrikoa eta jantzi oinetakoak». Hala egin zuen, eta aingeruak, berriro: «Jantzi soingainekoa eta jarraitu niri».
9Pedro haren ondoren atera zen; ez zekien aingeruaren bitartez gertatzen ari zena egia zen ala ez; ametsa zirudion.
10Lehenengo eta bigarren zaintzaile-taldeen ondotik igarota, kalera zeraman burdinazko ateraino iritsi ziren. Atea berez zabaldu eta kanpora irten ziren. Kale bat igaro ondoren, aingeruak bakarrik utzi zuen Pedro.
11Gertatuaz jabeturik, Pedrok esan zuen: «Orain bai dakidala Jaunak bere aingerua bidali duela, ni Herodesen eskuetatik eta judu-herriak niretzat zituen asmoetatik askatzera».
12Bere egoeraz oharturik, Markos izeneko Joanen ama Mariaren etxera joan zen; lagun asko zegoen han bildua otoitzean.
13Jo zuen kanpoko atea, eta Arrosa izeneko neskatxa atera zen nor ote zen ikustera;
14Pedroren ahotsa ezagutzean, pozaren pozez, atea irekitzea ahaztuta, barrura joan zen lasterka, Pedro atean zegoela iragartzera.
15«Burutik zaude zu!», esan zioten. Baina hark baietz, egia zela. Orduan, esan zuten: «Haren aingerua izango da».
16Bitartean, Pedrok ate-joka ziharduen. Ireki eta ikusi zutenean, zur eta lur gelditu ziren.
17Hark isiltzeko keinu egin zien eskuaz, eta Jaunak kartzelatik nola atera zuen kontatu zien. Azkenean, esan zien: «Jakinarazi hau Santiagori eta beste senideei». Ondoren, atera eta beste toki batera joan zen.
18Eguna zabaltzean, ez zen iskanbila makala sortu gudarien artean, non ote zen Pedro.
19Herodesek bilatzeko agindu zuen, baina ezin izan zuen aurkitu. Orduan, guardiak juzgatu eta hilarazi egin zituen. Ondoren, Judeatik Zesareara jaitsi eta bertan gelditu zen Herodes aldi batean.
Herodesen heriotza
20Herodes oso haserre zegoen garai hartan Tiro eta Sidongoekin. Hauek elkar hartu zuten erregeagana aurkezteko, eta, Blasto, erregearen etxezaina, beren alde jartzea lortu ondoren, bakezko konponbide bat eskatu zioten erregeari; izan ere, Herodesen lurraldetik hartzen zuten bizitzeko behar zutena.
21Erabakitako egunean, Herodesek, errege-jantzitan eta bere aulkian eseririk, hitzaldia egin zien.
22Jendea deiadarka hasi zen: «Jainkoa mintzo da, ez gizakia».
23Baina bat-batean, Jaunaren aingeruak jo zuen Herodes, Jainkoaren ohorea beretzat hartu zuelako, eta harrek jana hil zen.
24Jainkoaren mezua zabalduz eta ugalduz zihoan.
25Bernabe eta Saulo, berriz, Jerusalemen beren egitekoa bete ondoren, itzuli egin ziren, Joan Markos berekin harturik.