Eginak
Kapituluak 18
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
Korintoko eliz elkartearen sorrera
1Honen guztiaren ondoren, Atenas utzi eta Korintora joan zen Paulo.
2Han Akila zeritzan judua, izatez Pontokoa, eta Priszila haren emaztea aurkitu zituen. Italiatik etorri berriak ziren, Klaudio enperadoreak agindua baitzuen judu guztiek Erromatik alde egin zezatela. Paulo haiekin harremanetan jarri zen
3eta, ogibide bera zutenez —oihal-etxolagileak ziren—, haiekin gelditu zen bizitzen eta lanean.
4Larunbatero hitz egiten zuen Paulok sinagogan, eta bai juduak, bai greziarrak, sinesmenera ekartzen saiatzen zen.
5Silas eta Timoteo Mazedoniatik etorri zirenean, Paulok mezuaren predikuari eman zion erabat, Jesus zela Mesias juduen aurrean aitortuz.
6Baina juduek kontra egiten baitzioten eta irainka erantzuten, Paulok, jantziak astinduz, esan zien: «Zeuek zarete gerta dakizuekeenaren erantzule bakar; nik ez dut errurik. Aurrerantzean jentilengana joango naiz».
7Sinagogatik alde egin eta Israelen Jainkoa gurtzen zuen jentil baten etxera joan zen; Tizio Zuzen zeritzan eta sinagoga ondoan zuen etxea.
8Krispok, sinagogako buruzagiak, eta beronen etxeko guztiek Jaunarengan sinetsi zuten; Paulori entzuten zioten beste korintoar askok ere sinetsi eta bataioa hartu zuten.
9Gau batez, honela esan zion Jaunak Paulori ikuskari batean: «Ez izan beldurrik, jarraitu hitz egiten isildu gabe.
10Ni zurekin nago eta ezin izango dizu inork kalterik egin. Nire herri izango den jende asko dut nik hiri honetan».
11Urte eta erdi egin zuen han Paulok, Jainkoaren mezua irakasten.
12Galion Akaiako kontsulorde zela, judu guztiak batean Pauloren kontra altxatu ziren; auzitegira eraman
13eta honela salatu zuten: «Honek Jainkoari gure legearen kontrako kultua ematera bultzatzen du jendea».
14Paulo hitz egiten hastera zihoala, esan zien Galionek juduei: «Juduok, oker edo delitu handi bat balitz, kasu egingo nizueke behar den bezala.
15Baina zuen gorabeherak hitz eta izen batzuei buruzkoak eta zuen lege horri buruzkoak direnez gero, hor konpon zeuek. Nik ez dut arazo horietan epaile izan nahi».
16Eta auzitegitik kanpora bidali zituen.
17Orduan, denek Sostenes sinagogako buruzagiari heldu eta jipoi ederra eman zioten auzitegi aurrean bertan. Galionek ez zien jaramonik egin.
Paulo Antiokiara itzuli
18Oraindik aldi batean Korinton gelditu zen Paulo. Gero, senideak agurtu eta Siriarantz atera zen ontziz Priszila eta Akilarekin. Zenkreasen ilea motz-motz egin zuen, egina zuen botoa betetzeko.
19Efesora iristean, bere lagunak utzi egin zituen eta, sinagogara joanik, juduekin eztabaidan hasi zen.
20Hauek denbora gehiago beraiekin gelditzeko eskatu zioten arren, hark ezezkoa eman zien;
21baina agurtzean esan zien: «Berriz ere etorriko natzaizue, Jainkoa lagun».Efesotik ontziz atera
22eta Zesarean lehorreratu zen; handik Jerusalemgo eliz elkartea agurtzera igo zen eta gero Antiokiara jaitsi.
Pauloren hirugarren ibilaldia (18,23—21,16)
23Antiokian denboraldi bat egin ondoren, berriro atera eta Galazian eta Frigian barrena joan zen, ikasle guztiak gogoberotuz.
Apolok Efeson berri ona hots egin
24Apolo izeneko judu bat iritsi zen garai hartan Efesora; izatez Alexandriakoa zen, hizlari bikaina eta Liburu Santuetan oso aditua.
25Jaunaren bideari buruz ongi eskolatua zegoen; kartsuki hitz egiten zuen eta Jesusi zegokiona zehazki irakasten, Joanena beste bataiorik ezagutu ez arren.
26Apolo, bada, sinagogan ausarki hitz egiten hasi zen. Priszilak eta Akilak entzun ziotenean, berekin hartu zuten eta are xehekiago azaldu zioten Jainkoaren bidea.
27Akaiara joateko asmoa zuelarik, senideek animatu egin zuten eta hango ikasleei idatzi zieten, harrera ona egin ziezaiotela. Han, Jainkoaren onginahiari esker, guztiz lagungarri gertatu zitzaien fededunei.
28Izan ere, ongi finkaturiko arrazoien bidez egiten zien aurre juduei denen aurrean, Liburu Santuen bidez Jesus zela Mesias frogatuz.