Eginak
Kapituluak 24
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
Paulo Zesarean auzitara eramana (24,1—26,32)
Pauloren aurka salakuntza
1Handik bost egunera, Ananias apaiz nagusia Zesareara jaitsi zen, zahar batzuekin eta Tertulo zeritzan abokatu batekin. Eta Pauloren aurkako salakuntza azaldu zioten gobernariari.
2-3Deitu zioten Paulori, eta Tertulok honela hasi zuen salakuntza: «Felix agurgarria, zuri esker eta zuk zeure arduraz nazio honen onerako egin dituzun hobekuntzei esker, bakerik ederrenean bizi gara. Eta esker onez beterik gaude guztiarengatik beti eta nonahi.
4Ez zintuzket gehiegi nekatu nahi, baina entzun gaitzazu, otoi, unetxo batean, ohi duzun bihotz onez.
5Gizon hau guztiz galgarria dela ikusi dugu; mundu guztiko juduen artean sesioak pizten ari da, eta berau da nazaretarren sektako buru;
6tenplua bera ere kutsatu nahi izan du, eta horregatik atxilotu dugu. (
6b-7).
8Egiozu galdeketa eta zeuk ikusiko duzu egiazkoak direla leporatzen dizkiogun erru horiek».
9Juduek salakuntza hau ontzat eman zuten, dena hala zela esanez.
Paulo bere buruaren alde Felixen aurrean
10Orduan, gobernariak hitz egiteko baimena emanik, honela erantzun zuen Paulok: «Hainbat urtetan gure herriaren epaile zarela jakiteak ematen dit konfiantza neure buruaren defentsa egiteko.
11Zeuk egiazta dezakezunez, hamabi egun besterik ez da Jerusalemera igo nintzela kultuan parte hartzera.
12Eta ez nau inork tenpluan inorekin eztabaidan ikusi, ezta sinagogetan edo kalean jendea nahasten ere.
13Ezin dizute leporatzen dizkidaten gauzen frogarik aurkeztu.
14Hau bai, aitortzen dizut: horiek sektatzat daukaten Bide horren arabera zerbitzatzen dut geure arbasoen Jainkoa; baina nik Moisesen legean eta profeten liburuetan idatzirik dagoen guztia onartzen dut,
15eta Jainkoarengan badut itxaropena —horiek bezalaxe— hildako guztiak, on eta gaizto, piztuko direla.
16Horregatik ahalegintzen naiz ni ere, neure kontzientzia Jainkoaren eta gizonen aurrean beti garbi gordetzen.
17«Urte askoren buruan, Jerusalemera etorria nintzen neure herritarrentzat limosnak ekartzera eta Jainkoari opariak eskaintzera.
18Garbikuntza egin ondoren, opari horiek eskaintzen ari nintzen tenpluan aurkitu nindutenean, ez jendartean eta iskanbilan.
19Baina Asia probintziako judu batzuk… Berauek agertu behar lukete zuregana, ni salatzera, nire kontra ezer badute.
20Eta bestela, esan dezatela hemen dauden hauek zer oker aurkitu zidaten Biltzar Nagusiaren aurrean agertu nintzenean.
21Izatekotan ere, berauen aurrean honako hitz hauek goraki esatea: “Hildakoen piztuera espero dudalako nago auzipean gaur zuen aurrean” ».
22Felixek, oso ongi baitzekien kristau-bidearen berri, gerorako utzi zuen auzia, esanez: «Lisias gudalburua datorrenean erabakiko dut zuen arazoa».
23Paulo zainpean edukitzeko agindu zion ehuntariari, baina lasai samar utziz, berari laguntzera joatea adiskideei debekatu gabe.
Paulo kartzelan
24Handik egun batzuetara, judua zen bere emazte Drusilarekin joan zen Felix eta, Paulori deiturik, Jesu Kristoganako sinesmenari buruz entzuten egon zitzaion.
25Baina Paulok zuzentasuna, nor bere buruaren nagusi izatea eta geroko epaia aipatu zizkionean, Felix larritu egin zen eta esan zion: «Bazoazke, oraingoz. Deituko dizut hurrengo egokiera dudanean».
26Paulok dirua emango zion itxaropena ere bazuen Felixek, eta horregatik sarritan deitzen zion, berarekin hitz egiteko.
27Bi urte geroago, Portzio Festo jarri zen gobernari Felixen ordez, eta Felixek Paulo kartzelan utzi zuen, juduei atsegin gertatzearren.