Eginak
Kapituluak 3
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
Pedro eta Joanen aldia (3,1—4,31)
Tenpluan elbarriaren sendaketa
1Behin batean, Pedro eta Joan tenplura zihoazen bazkalondoko otoitzera.
2Tenpluko «Ate Eder» esaten zioten sarreran, jaiotzatik herrena zen gizon bat zegoen. Egunero ezarri ohi zuten han, tenplura sartzen zirenei limosna eskatzeko.
3Pedro eta Joan sartzen ikusirik, limosna eskatu zien.
4Haiek begira gelditu zitzaizkion, eta Pedrok esan zion: «Begira guri».
5Hura adi-adi jarri zitzaien, zerbait emango ziotelakoan.
6Orduan, Pedrok esan zion: «Ez dut ez urrerik, ez zilarrik, baina dudana emango dizut: Jesu Kristo Nazaretarraren izenean, jaiki eta ibili!»
7Eta, eskuineko eskutik harturik, altxarazi egin zuen.Bat-batean, gizonaren oinak eta orpoak indartu egin ziren;
8salto batez zutitu eta ibiltzen hasi zen. Eta apostoluekin batera tenplura sartu zen bere kasa oinez, saltoka eta Jainkoari goraka.
9Herri osoak ikusi zuen ibiltzen eta Jainkoa goratzen,
10eta, Ate Eder ondoan eserita limosna eske egoten zena bera zela oharturik, denak zur eta lur gelditu ziren gertatutakoaz.
Pedroren hitzaldia
11Gizona oraindik Pedro eta Joanekin zegoela, jende guztia, harriturik, haiengana joan zen lasterka, Salomonen aterpera.
12Herria biltzen ari zela ikustean, honela mintzatu zitzaien Pedro: «Israeldarrok, zergatik harritzen zaituzte gertatu den honek? Edo zergatik zaudete guri begira, gizon hau geure ahalmenaz edo erlijiotasunaz ibilarazi bagenu bezala?
13«Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak, aintzaz bete du Jesus bere zerbitzaria, zuek agintarien eskuetara eman eta Pilatoren aurrean ukatu zenutena, honek askatzea erabaki zuen arren.
14Santua eta zuzena zen, baina zuek ukatu egin zenuten, eta hiltzaile bat askatzeko eskatu;
15biziaren sorburua hil zenuten, baina Jainkoak piztu egin du hildakoen artetik; gu gara horren testigu.
16Bada, Jesusenganako sinesmenari esker, haren indarrak sendatu du zuek ezagutzen eta hemen ikusten duzuen gizon hau; Jesusek ematen duen sinesmenak ekarri dio osasun betea, denok ikus dezakezuenez.
17«Badakit, senideok, ezjakinean jokatu zenutela zuek, baita zuen agintariek ere.
18Baina horrela bete zuen Jainkoak, profeta guztien ahoz aurrez iragarria, hots, haren Mesiasek sufritu egin beharko zuela.
19Bihozberri zaitezte, bada, eta itzuli Jainkoarengana, bekatuak ken dakizkizuen;
20horrela iritsiko zaizue Jaunaren kontsolazio-garaia, eta hark berriro bidaliko dizue Jesus, zuentzat izendatua zeukan Mesias.
21Honek zeruan egon behar du oraindik, harik eta gauza guztiak eraberrituko diren garaia, Jainkoak antzinatik bere profeta santuen ahoz iragarria, iritsi arte.
22«Moisesek, hain zuzen, esan zuen: Ni bezalako profeta sorraraziko dizue Jaunak, zeuen Jainkoak, herritarren artetik; onartu hark esango dizuen guztia.
23Profeta haren mezua onartuko ez duena herritik bota egingo dute.
24Eta Samuelek eta geroztik hitz egin duten profeta guztiek ere iragarri dituzte egun hauek.
25Zeuentzako dituzue profeten agintzariak, baita Jainkoak zuen arbasoekin egin zuen ituna ere; hau esan baitzion Abrahami: Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut.
26Lehenik zuentzat sorrarazi eta piztu du Jainkoak Jesus bere zerbitzaria, eta zuei bedeinkazioa ematera bidali du, zuetako bakoitza bere gaiztakerietatik aldentzen bada».