Eginak
Kapituluak 8
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
1Saulo han zen, eta ontzat ematen zuen Estebanen hilketa.Egun hartan bertan, erasoaldi latza sortu zen Jerusalemgo eliz elkartearen aurka. Apostoluak ez beste guztiak Judean eta Samarian barrena sakabanatu ziren.
Elizaren aurka erasoaldia
2Gizon jainkozale batzuek Estebanen gorpuari lur eman zioten eta dolu handia egin zuten harengatik.
3Saulo triskantza ikaragarria egiten ari zen eliz elkartean: etxeetan sartu, gizon-emakumeak atxilotu eta kartzelara eramaten zituen.
ELIZAREN LEHEN HEDAKUNTZA (8,4—14,28)
Palestinan (8,4—11,18)
Felipe Samarian
4Sakabanatu zirenak herriz herri joan ziren, mezua hots eginez.
5Hala, Felipe Samaria hirira jaitsi eta Mesiasen berri ematen hasi zen.
6Felipek esaten zuena entzun eta egiten zituen mirariak ikustean, gogo batez lotzen zitzaion jendea haren predikuari;
7izan ere, deabrudun askorengandik ateratzen ziren espiritu gaiztoak deiadarka eta elbarri eta herren asko sendatzen ziren.
8Poz handia izan zen hiri hartan.
9Bazen hirian Simon zeritzan gizon bat, aspalditik aztikeriara emana; Samariako jende guztia txunditurik zeukan, norbait apartekotzat agertzen baitzuen bere burua.
10Denak, handi eta txiki, hari lotuak zeuden, hau ziotelarik: «Jainkoaren ahalmena dugu gizon hau, “Ahalmen Handi” deritzana».
11Hari lotuak zeuden, bada, bere aztikeriaz txunditurik baitzeuzkan aspaldidanik.
12Baina Felipek Jainkoaren erregetza eta Jesu Kristoren berri ona hots egitean, sinetsi egin zioten eta bataioa hartu denek, gizon eta emakume.
13Simonek berak ere sinetsi egin zuen eta bataioa hartu, eta ez zen Feliperen ondotik aldentzen. Gertatzen ziren mirariak eta egintza ahaltsuak ikusirik, erabat txunditurik zegoen.
14Jerusalemen zeuden apostoluek, Samariak Jainkoaren hitza onartu zuela jakitean, Pedro eta Joan bidali zituzten hara.
15Iritsi zirenean, samariarren alde otoitz egin zuten, Espiritu Santua har zezaten.
16Izan ere, artean haietako inorengana jaitsi gabe zegoen Espiritua; Jesus Jaunaren izenean bataiaturik bakarrik zeuden.
17Beraz, Pedrok eta Joanek eskuak buruan ezarri zizkieten, eta Espiritu Santua hartu zuten.
18Simonek, apostoluek jendeari eskuak ezartzean Espiritua etortzen zitzaiela ikusirik, dirua eskaini zien,
19esanez:—Emadazue niri ere ahalmen hori, eskuak ezartzen dizkiedan guztiek Espiritu Santua har dezaten.
20Pedrok erantzun zion:—Lehertuko ahal haiz heure diruarekin, Jainkoaren dohaina diruz erosten dela uste izateagatik!
21Hik ez duk honetan eskurik, ez parterik, hire kontzientzia ez baita zuzena Jainkoaren aurrean.
22Damu hadi, bada, heure gaiztakeriaz, eta otoitz egiok Jaunari ea burutapen hori barkatzen dian.
23Gutiziaz betea ikusten haut eta gaiztakeriari lotua.
24Simonek erantzun zuen:—Otoitz egiozue Jaunari nire alde, zuek esandakorik gerta ez dakidan.
25Jaunaren testigantza egin eta haren mezua adierazi ondoren, Pedro eta Joan Jerusalemera itzuli ziren, Samariako auzo askotan berri ona zabalduz.
Felipe eta etiopiar ministroa
26Jaunaren aingeruak esan zion Feliperi: «Ea, abia zaitez hegoalderantz, Jerusalemdik Gazara jaisten den bidetik. Basamortuan zehar doa bidea».
27Berehala abiatu zen Felipe. Eta han ikusi zuen etiopiar iren bat: Etiopiako Kandaze* edo erreginaren ministroa zen, haren ondasun guztien administratzailea. Jerusalemera etorria zen erromes
28eta berriro etxera zihoan. Bere karrozan eserita, Isaias profetaren liburua irakurtzen ari zen.
29Espirituak esan zion Feliperi: «Aurreratu eta jarri karroza horren ondoan».
30Felipe lasterka hurbildu zitzaion eta, Isaias profeta irakurtzen entzunik, galdetu zion irenari:—Ulertzen al duzu irakurtzen ari zarena?
31Hark erantzun:—Nola ulertuko dut, bada, inork ulerpiderik ematen ez badit?Eta igo eta bere ondoan jartzeko eskatu zion Feliperi.
32Irakurtzen ziharduen pasartea honako hauxe zen: Hiltzera daramaten arkumeak bezala, moztaileen aurrean isilik dagoen ardiak bezala, ez zuen ahorik zabaldu.
33 Gizon ezereza zelako ez zioten justiziarik egin. Nork aipatuko du haren ondorengotza? Erauzi egin baitzuten haren bizia lurretik.
34Galdetu zion irenak Feliperi:—Esadazu, mesedez: Nortaz dio hori profetak, bere buruaz ala beste norbaitez?
35Felipek, orduan, pasarte honetatik abiaturik, Jesusen berri ona adierazi zion.
36Zihoazela, ura zegoen toki batera iritsi ziren, eta irenak esan zuen: «Horra hor ura! Zer eragozpen da ni bataiatzeko?» (
37).
38Karroza gelditzeko agindu zuen; Felipe eta irena, biak uretara jaitsi ziren eta Felipek bataiatu egin zuen.
39Uretatik atera zirenean, Jaunaren Espirituak hartu eta eraman egin zuen Felipe. Irenak ez zuen gehiago ikusi, eta poz-pozik jarraitu zuen bidean aurrera.
40Felipe, berriz, Azoton gertatu zen, eta herriz herri berri ona adieraziz joan zen, Zesareara iritsi arte.