Eginak

Kapituluak 20

Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Paulo Mazedonia eta Greziara

1Istilua amaitu zenean, Paulok ikasleak bildu eta adore eman zien; ondoren, agur egin eta Mazedoniara joateko atera zen. 2Igarotzen zituen lurraldeetan senideak hizketaldi askoren bidez adoretzen zituen. Greziara iritsi 3eta hiru hilabete eman zituen bertan. Ondoren, Siriara ontzia hartzeko zegoela, juduak zelatan zeuzkala jakin eta Mazedoniatik barrena itzultzea erabaki zuen. 4Honako hauek zituen lagun: Sopater, Pirroren semea, Bereakoa; Aristarko eta Segundo, tesalonikarrak; Gaio, derbetarra, eta Timoteo; eta Tikiko eta Trofimo, Asia probintziakoak. 5Hauek aurrea hartu ziguten, eta Troaden egon zitzaizkigun zain. 6Gu, berriz, Pazko-jaien ondoren atera ginen itsasoz Filipotik, eta bost egunen buruan bildu ginen haiekin Troaden, eta astebete egin genuen bertan.

Troadera, agur egitera

7Igandean ogia zatitzera bildu ginen. Paulo ikasleei hitz egiten hasi zitzaien eta, biharamunean joan behar baitzuen, gauerdia arte jardun zuen hizketan. 8Bazen kriseilurik asko gu bildurik geunden goiko gela hartan. 9Leiho-ertzean eseria zegoen Eutiko izeneko mutil gazte bat; Paulok hitzaldia amaitzen ez zuenez, logaletu egin zen mutila; azkenean, loak harturik, hirugarren solairutik behera erori zen, eta hilda jaso zuten. 10Jaitsi zen berehala Paulo eta, harengana makurturik, besoetan hartu eta esan zuen: «Ez ikaratu! Bizirik dago!» 11Berriro igorik, ogia zatitu eta jan egin zuen. Ondoren, egunsentia arte luzatu zuen hitzaldia; gero, joan egin zen. 12Mutila, berriz, bizirik eraman zuten, eta lasaitu ederra hartu zuten guztiek.

Troadetik Miletora

13Gu ontzia hartu eta Asorantz atera ginen, han Paulo hartzekotan, honek oinez joatea erabaki baitzuen. 14Ason elkartu zitzaigunean, ontzian hartu genuen geurekin eta Mitilenera joan ginen. 15Handik, biharamunean, Kio pareraino iritsi ginen itsasoz; hurrengo egunean Samosera heldu ginen, eta hurrengoan Miletora. 16Efeson ez gelditzea erabakia zuen Paulok, Asia probintzian luzatzeko beldurrez; presaka zen, izan ere, Mendekoste-egunerako Jerusalemen egon nahi baitzuen, ahal izanez gero.

Efesoko arduradunei hitzaldia

17Miletotik mandatua bidali zuen Paulok Efesora, eliz elkarteko arduradunei dei eginez. 18Etorri zirenean, esan zien: «Badakizue nola jokatu dudan beti zuekin, Asia probintziara iritsi nintzen lehen egunetik. 19Apaltasun osoz zerbitzatu dut Jauna eta hainbat negar egin juduen azpikeriek sortu dizkidaten probaldiak direla eta. 20Ez dizuet zuen onerako izan zitekeen ezer ukatu; jendaurrean eta etxez etxe predikatu eta irakatsi dizuet, 21judu nahiz greziarrei, arren Jainkoarengana bihurtzeko eta Jesus gure Jaunarengan sinesteko eskatuz. 22«Eta orain Jerusalemera noa Espirituak beharturik, han zer gertatuko zaidan jakin gabe; 23dakidana hauxe da: hiriz hiri, Espiritu Santuak garbi esaten didala kateak eta nekeak ditudala zain. 24Baina biziak ez dit axola, neure ibilaldia eta Jesus Jaunak eman didan egitekoa ongi burutuz gero, hau da, berri onaren lekuko, Jainkoak digun onginahiaren lekuko, izatea. 25«Eta orain badakit, zuen artean Jainkoaren erregetza hots egiten jardun dudan hau ez duela zuetako inork berriro ikusiko. 26Horregatik, argi eta garbi diotsuet gaur ez dudala neure gain hartzen inori gerta dakiokeenaren erantzukizunik. 27Zeren ez baitiot inoiz uko egin J ainkoaren asmoa oso-osorik zuei adierazteari. 28Zain itzazue zeuen buruak eta artalde osoa, honen zaindari jarri baitzaituzte Espiritu Santuak; larra ezazue Jainkoaren Eliza, hark bere Semearen odolaz eskuratu zuena. 29«Badakit, ni joatean, artaldeari barkatuko ez dioten otso amorratuak sartuko direla zuen artera. 30Zuen artetik ere aterako dira batzuk irakaspen okerrak zabalduz, ikasleak beren atzetik eramateko. 31Zaudete erne, bada, eta eduki gogoan, hiru urtez gau eta egun aspertu gabe jardun dudala zuetako bakoitzari negar-malkoz aholkuak ematen. 32Eta orain Jainkoaren eskuetan eta haren onginahizko mezuaren babesean uzten zaituztet; hark badu ahalmena eliz elkartea eraikitzeko eta sagaratu guztiei bere ondarea emateko. 33«Ez dut inoren zilar-urrerik edota jantzirik irrikatu izan. 34Ongi dakizue esku hauek irabazi dutela niretzat eta neurekin nituenentzat beharrezko guztia. 35Orotan erakutsi izan dizuet, horrela behar dela lanean saiatu gauza ez direnei laguntzeko, Jesus Jaunaren hitz haiek gogoratuz: “Zorion gehiago du emateak hartzeak baino”». 36Hitzaldia bukaturik, belauniko jarri eta otoitz egin zuen beste guztiekin batera. 37Denek negarrari eman zioten eta Paulori besarkadaka eta musuka hasi zitzaizkion. 38Nahigaberik handiena gehiago ez zutela ikusiko esateak ematen zien. Ondoren, ontziraino lagundu zioten.