Eginak
Kapituluak 4
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
Pedro eta Joan judu-biltzarraren aurrean
1Oraindik Pedro eta Joan herriari mintzatzen ari zitzaizkiola, apaizak, tenpluko guardiaburua eta saduzearrak agertu zitzaizkien.
2Oso haserre zeuden, apostoluek Jesusengan hildakoen piztuera gertatu zela herriari irakasten eta hots egiten ziotelako.
3Beraz, atxilotu eta kartzelan sartu zituzten hurrengo eguna arte, berandu baitzen.
4Baina predikua entzuniko askok sinetsi egin zuten, eta gizonezko fededunak bost milaren bat izatera iritsi ziren.
5Biharamunean, herriko agintari, zahar eta lege-maisuak Jerusalemen bildu ziren;
6han ziren Anas apaiz nagusia, Kaifas, Joan, Alexandro eta apaizburuen familietako guztiak.
7Pedro eta Joan beren aurrera ekarrarazi eta galdetu zieten: «Zer ahalmenez egin duzue hori? Nork eman dizue eskubidea?»
8Pedrok, Espiritu Santuaz beterik, erantzun zien: «Herriko agintari eta zaharrok,
9gaur, gaixo bati egin zaion mesedea dela eta, noren eskuz sendatu den galdetzen zaigu.
10Bego argi, bada, zuentzat eta Israel herri osoarentzat, zuek gurutziltzatu eta Jainkoak hildakoen artetik piztu zuen Jesu Kristo Nazaretarraren ahalmenaz daukazuela gizon hau zeuen aurrean sendaturik.
11Jesus hauxe da zuek, etxegileok, mespretxaturiko harria, giltzarri gertatu dena.
12Honengan bakarrik dugu salbamena, ez baitigu Jainkoak gizon-emakumeoi beste inor eman eguzkiaren azpian, salba gaitzakeenik».
13Pedroren eta Joanen ausardia ikusi eta gizon eskolagabe eta arruntak zirela jabeturik, harrituak zeuden. Bazekiten, alde batetik, Jesusen lagun izanak zirela,
14eta han zeukaten, bestetik, beren aurrean zutik, sendaturiko gizona. Ez zuten, beraz, aurka egiterik.
15Hala, biltzarretik ateratzeko agindu zieten eta honela ziharduten beren artean:
16«Zer egin gizon hauekin? Izan ere, ageri-ageriko miraria egin dute: ongi daki hori Jerusalem osoak, eta ezin dugu ukatu.
17Alabaina, herrian hori gehiago zabal ez dadin, mehatxatu egingo ditugu, gaurdanik Jesusen izena inori aipa ez diezaioten».
18Deitu zituzten, bada, eta Jesusi buruz hitz egitea edo irakastea zorrotz debekatu zieten.
19Baina Pedrok eta Joanek erantzun zieten: «Zeuek ikusi Jainkoarentzat zuzena ote den guk zuen esana egitea harena egin ordez.
20Guk ezin dugu, inola ere, entzun eta ikusi duguna isilik gorde».
21Berriro mehatxatu ondoren, askatu egin zituzten. Ez zuten aurkitzen haiek zigortzeko erarik, herriaren beldurrez, jende guztiak Jainkoa goresten baitzuen gertatu zenarengatik.
22Izan ere, miragarriro sendaturiko gizonak bazituen berrogeitik gora urte.
Elkartea otoitzean. Espiritua jaitsi
23Libre utzi zituztenean, senideengana itzuli ziren, eta apaizburu eta zaharrek esandako guztia kontatu zieten.
24Entzutean, denek otoitz egin zioten goraki eta aho batez Jainkoari: «Jauna, zuk egin zenituen zeru-lurrak eta itsasoa, eta horietan bizi diren guztiak;
25zuk esan zenuen Espiritu Santuaren bidez eta gure aita David zeure zerbitzariaren ahoz: «Zergatik dabiltza iskanbilan nazioak, eta asmo ustelak asmatzen herriak?
26 Mundu honetako erregeak altxatu dira, eta agintedunek elkar hartu dute Jaunaren eta berak aukeraturiko Mesiasen aurka.
27«Bai, hala elkartu dira hiri honetan Herodes eta Pontzio Pilato atzerriko nazioekin eta Israel herriarekin, zuk Mesias egin zenuen Jesus zure zerbitzari santuaren aurka.
28Horrela, zure ahalmenak eta gogoak aurrez erabakia zutena bete dute horiek.
29Begira orain, Jauna, nola mehatxatzen gaituzten; emaguzu zeure zerbitzarioi zure hitza ausardia osoz predikatzea.
30Eta luzatu eskua, zure zerbitzari Jesusen bidez sendakuntza, mirari eta egintza harrigarriak gerta daitezen».
31Otoitza bukatzearekin batera, bilduak zeudeneko tokia dardaratu egin zen; denak Espiritu Santuaz beterik gelditu ziren, eta Jainkoaren hitza ausardiaz predikatzen zuten.
Apostoluen aldia (4,32—5,42)
Elkartearen bizimodua: ondasun-erkidegoaondasun-erkidegoa: Ik. 2,43 oh.
32Fededun guztiak bat ziren bihotzez eta gogoz, eta inork ez zuen esaten zeukana berea zuenik, baizik eta dena denena zuten.
33Apostoluek indar eta eragin handiz egiten zuten Jesus Jaunaren piztueraren testigantza. Jendeak oso estimatuak zituen;
34izan ere, ez zen haien artean behartsurik, zeren lurrik edo etxerik zutenek, dena saldu eta salmentaren ordaina
35apostoluen esku jartzen zuten; eta bakoitzari behar zuena ematen zitzaion.
36Hala egin zuen Josek, apostoluek Bernabe —hau da, Adore-emaile— deitu zutenak; lebitarra zen eta jaiotzez zipretarra.
37Bazuen soro bat eta, saldurik, ordaina jaso eta apostoluen esku utzi zuen.